Jubenil mutilen eskubaloi partida asteburuan

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 29a, 08:02

Iragan asteburuan itzuli ziren eskubaloi neurketak Oiardo Kiroldegira. Larunbat honetarako beste partida bat iragarri du Usurbil Kirol Elkarteak.

Neurketa hauxe:

Urtarrilak 30, larunbata
16:30 Jubenil mutilak, Gipuzkoako Txapelketa G4: Usurbil K.E.-Urnieta Guria Jatetxea

Gogoan izango duzue, duela bi astetik indarrean du Eusko Jaurlaritzak covid19ari aurre egiteko neurri multzo berria. Besteak beste, kirol taldeen entrenamendu saioak edota lehiaketak ere berriz martxan jartzea baimendu zuen, 100.000 biztanleko 14 eguneko 500etik beherako intzidentzia metatua zuten udalerrietan, tartean Usurbilen.

Arlo honetako eragileek adierazpen bateratua kaleratu zuten "kirola eta jolasa bueltan dira" iragarriz. Adierazpen hura sinatu zutenen artean zen egunotan eskubaloi partiden itzulera iragarri duen Usurbil Kirol Elkartea.

Publikorik gabe
Duela bi astetik Eusko Jaurlaritzak indarrean duen neurri multzo berriak kirol taldeen entrenamendu saioak eta lehiaketak baimentzen dituzte. Baina neurri zehatzen artean; esaterako, larunbateko eskubaloi partida publikorik gabe jokatuko da, "debekatuta dago ikusleak kirol-ekitaldietara joatea". Eta Jaurlaritzaren aginduak zehazten duenez, "Federazio bakoitzari, bere eremuan, eta, kasua bada, lehiaketa bakoitzaren ardura duten erakundeei dagokie prebentzio-neurriak eta -protokoloak zorrotz betetzen direla zaintzea".

Kirol jardueretan orohar musukoa jantzita izatea derrigorrezkoa izango den arren, badira salbuespen batzuk; lehiaketak tartean, musukorik gabe jokatu ahalko direnak. 

Gainerakoan, kirol taldeon entrenamendu saioak 6 laguneko taldeetan egin edota aldagelak %30eko edukieran erabili ahal dituzte.

Partidak Youtube bidez
Udazkenean berriz lehiaketak abian jartzeko aukera izan zutenean, partidetara ikus-entzulerik ezingo zela bertaratu jakinda, neurketa hauek ikusi ahal izateko alternatiba eskaini zuen Usurbil Kirol Elkarteak; herriko eskubaloi taldeen partidak bilguneak Youtuben duen "Usurbil K E eskubaloia" kanaletik zuzenean emititzen hasi zen.

Urriko aste haietan erronka berezi batean parte hartzeko gonbita luzatu zuten; kanalaren bidez eskubaloi neurketak ikusteko 1.000 jarraitzaile biltzeko erronka. Astebeteko tartean, erronka erraz gainditu zuten.