2021erako udal aurrekontuak, behin betiko onartuak

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 29a, 07:40
2021eko udal aurrekontuak aurkezteko udal gobernu taldeak iazko abenduan Potxoenean eginiko bilera irekia.

Usurbilgo Udalak behin betiko onartu ditu 2021erako udal aurrekontuak, alegazio epean ekarpenik ez baita egon. 12.894.050 euro izango ditu udalerri honek pandemia urte honetako erronkei heltzeko.

Udal gobernu taldeak osasun, gizarte, ekonomia eta ekologia krisialdien testuinguruan kokaturiko 2021. urterako udal aurrekontuak behin betiko onartu dituzte. Hala jakinarazi du ostiral honetako (urtarrilak 29) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak (GAO). "2021. ekitaldiari dagokion Aurrekontu Orokorraren jendaurreko erakusketaren legezko epea amaitu delarik eta inolako erreklamazio edo oharrik egin ez denez, aipaturiko Aurrekontua behin betirako onartua geratzen da", berri eman du Udalak GAO bidez.

12.894.050 euroko udal aurrekontuok abenduaren 23ko urteko azken ezohiko udalbatzarrean onartu zituzten gehiengo osoz EHBilduren udal gobernu taldearen babesarekin. PSE abstenitu zen eta EAJ-k aurka bozkatu zuen. Udalbatzak hartutako erabakia abenduaren 30eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratu zuen Udalak. Biharamunetik (abenduak 31) zenbatzen hasita, alegazioak aurkezteko 15 lan eguneko epea egon zen. Tarte horretan alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onartutzat jo dira udal aurrekontuok.

Aurreikuspen guztiak hautsi dituzte aurrekontuok; ohiko diru bilketa %10ean murriztu arren, %4ko igoera dute iazkoekin alderatuta, Txirikorda proiektuaren harira jasotako diru-laguntzei esker. 4 laguntza lerro berri iragarri dituzte, gizarte larrialdietara ere 90.000 euro bideratuko dituzte... 2021erako iragarritako egitasmoen artean dira: zaintza ereduari buruzko parte hartze prozesua, jatorri aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko egitasmoa, Beterri Buruntza Mankomunitatearen sorrera, Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren hasierako onarpena, kirol alorreko plan estrategikoa, Txirikorda eta Pelaioenea… 

SARREREN EGOERA
1      Zuzeneko zergak ...................................    2.802.950,00
2      Zeharkako zergak .................................        900.000,00
3      Tasak eta bestelako sarrerak..............    2.184.940,00
4      Transferentzia arruntak ......................    5.237.390,00
5      Ondarezko sarrerak .............................          32.520,00
6      Inbertsio errealak besterenganatzea .          25.000,00
7      Kapital transferentziak .......................    1.711.250,00
8      Finantza aktiboak ................................                    0,00
9      Finantza pasiboak ...............................                    0,00

                          Guztira ....................................... 12.894.050,00

GASTUEN EGOERA
1      Pertsonal gastuak ................................    4.396.726,00
2      Ondasun arrunten erosketak .............    4.630.472,00
3      Finantza gastuak .................................          12.000,00
4      Transferentzia arruntak ......................        984.591,00
5      Kreditu globala .....................................        100.000,00
6      Inbertsio errealak .................................    2.466.741,00
7      Kapital transferentziak........................          53.000,00
8      Finantza aktiboak ................................                    0,00
9      Pasibo finantzarioak ...........................        250.520,00

                          Guztira........................................ 12.894.050,00