Gu Ere Bai elkartearen batzarra

"Urte historiko baten aurrean gaude"

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 30a, 13:40

Euskal selekzioen ofizialtasunaren alde lanean diharduen Gu Ere Bai elkarteak urteko batzar nazionala egin du larunbat honetan Sutegin. Abiatu berri duguna, ofizialtasuna egi bilakatzeko urte ezin garrantzitsuagotzat jo dute.

"Urte historiko baten aurrean gaude". Testuinguru horretan kokatu du euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde lanean diharduen Gu Ere Bai elkarteak larunbat honetan Usurbilen egin duen urteko batzar nazionala. Usurbilgo kirol arloko ordezkaritza batek harrera egin die aipatu elkarteko kideei frontoian. "Usurbilgo herriari eskerrak" eman dizkie Gu Ere Bai elkarteak batzar nazional hau antolatzea errazteagatik. "Euskal Herria, naziogintza, hizkuntza, ohiturak... munduari erakusteko" ekimen gisa aurkeztu du elkarteko kide eta ordezkari Patxi Gaztelumendik. Iazko martxoan eman zuten ezagutzera Gu Ere Bai San Mamesen.

Nazioarteko hainbat txapelketa ospatzen dira Euskal Herrian; Tourra, Vuelta, Eurokopa... "Baina oraindik Euskal Herriak ez du ordezkaritzarik". Horregatik, "euskal selekzioen ametsa zen hori egi bihurtzeko eta orain arte lagunartekoa izan dena lehiara pasatzeko" lanean dihardu Gu Ere Baik. Aipatu moduan urte seinalatua da izango da 2021a. "Zorionez esan dezakegu urte historiko batean gaudela, horregatik batzar honek daukan garrantzia eta premia", Gaztelumendik nabarmendu duenez. 

Aktibazioa, gakoa
Gogoan izan, urte amaieran euskal selekzioak nazioartean onartzeko eskaera egin zuen Euskal Futbol Federazioak FIFAn eta UEFAn. Urrats garrantzitsutzat jo duen hau "borrokatzeko urtebeteko epea daukagu". Horretarako, aktibazioa sustatu beharra dagoela dio Gu Ere Baik, "futbolean bezala beste kirol esparruetan ere". 2020an ospatu ezin izan zen baina 2021ean bai, Getxon egingo den Munduko Sokatira Txapelketa jarri du, ematen ari diren aurrerapausoen adibide gisa.

Horregatik da hain garrantzitsua, gizarte mailan, kirolariak, zaleak, klubetako kideak, herritarrak aktibatuta egotea". Eta baita egiten den lana gizarteratzea ere, "lantzea, erakustea, herrietan mugitzea, aldekotasuna agertzea". Eta aldarri argi bat lau haizeetara zabaltzea; "euskaldunok euskaldun bezala aritu nahi dugula libre, ozen eta demokratikoki erakustea, non eta zelaian, aretoetan, kantxan edo dena delakoan. Mundu mailan potentzia bat izan gaitezke kirol mailan ere, eta hori erakustera gatoz".