Gu Ere Bai elkartearen batzarra

Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldarriarekin bat egin dute herriko kirolariek

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 30a, 13:12

Euskal selekzioen ofizialtasunaren alde lanean diharduen Gu Ere Bai elkarteak urteko batzar nagusia egin du larunbat goiz honetan Usurbilen. Hitzorduari, aipatu bilgune eta aldarriari erabateko babesa adierazi diete kirolari usurbildarrek.

Usurbilgo kirol arloko ordezkaritza batek harrera egin die larunbat goiz honetan Sutegin antolatua zuten urteko batzar nazionalean biltzekoak ziren Gu Ere Bai elkarteko kideei. Harrera soilik ez, erabateko babesa adierazi diote euskal selekzioen ofizialtasunaren alde elkartea bideratzen ari den lanketari. "Euskal selekzioen ofizialtasunaren alde gaudenez, hemen zuekin bat egiten dugu", adierazi du guztien izenean Xabier Mikel Errekondo alkate ohi eta eskubaloi jokalaria izandakoak. 

"Euskal Selekzioa ofizialtasuna! Euskal Herritik mundura" aldarria zuen pankartaren bueltan bildu dira hainbat kirol jardueretan dabiltzan herritarrak; Esther Arrojeria, Lur Errekondo eta Leire Furundarena eskubaloi jokalariak, futbolean aritutako Imanol Agirretxe, Jon Irazustabarrena eta David Asensio, Xabier Santxo pilotaria edota herri kirolen taldeko ordezkariak.

Guztiek Gu Ere Bai elkarteak egindako lanketa txalotu eta ildo horretan aurrerantz jotzeko animu mezua helarazi diete usurbildar kirolariek. "Kirolari, herritar eta euskal herritar bezala animatzen zaituztegu denok bat egiten dugun aldarri horrekin lanean jarraitzera". Eta noizbait, "berandu baino lehen" euskal selekzioen ofizialtasuna egi bilakatzeko nahia agertu dute.