Gu Ere Bai elkartearen batzarra

Usurbilgo Udala: "Ez diezagutela esan ez denik posible"

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 30a, 13:03

Iazko urtearen balantzea egin eta historikotzat jo duten 2021erako plangintzaren bueltan batzar nazionala egin du euskal selekzioen ofizialtasunaren alde lanean diharduen Gu Ere Bai elkarteak Usurbilen. Aktibaziorako eta elkarlanerako deia egin dute, egun ametsa dena egi bilakatzeko.

Elkarteek egiten duten ohiko jardunaren baitan txertatzen da Gu Ere Bai bilguneak goizean Usurbilen egin duen urteko batzar nazionala. Iazko balantzea, 2021erako plangintza... hartu ditu ahotan euskal selekzioen ofizialtasunaren alde lanean diharduen elkarteak. Urtea ordea berezia izango dela iragarri dute; "historikoa" Gu Ere Bai elkartekoen esanetan, "ofizialtasuna nazioarteko kirol bulegoetara heltzen ari delako, eta hori guztia akibatzea dagokigu guri maila sozialean, kirol mailan, federazioan, kultur eta kirol elkarteetan...", elkarteko kide Patxi Gaztelumendik Sutegin egin duten batzarraren hasieran oroitarazi duenez, urteotan eman diren beste hainbat urrats gogora ekartzearekin batera. 

Euskal Futbol Federazioak urte amaieran euskal selekzioa nazioartean onartzeko eginiko eskaeraren harira, datozen hamaika hilabeteotan jorratzeko bideaz ere jardun dute. Garrantzitsutzat jo dute, gai hau "hizkuntzarekin, herritartasunarekin, eskubideekin, naziogintzarekin" lotzea. 

"Ez diezagutela esan ez denik posible"
"Usurbil ofizialtasunaren aterpe izateagatik" pozarren agertu da Gu Ere Bai elkartekoen Sutegiko batzarraren hasieran hitza hartu duen Usurbilgo Udaleko udal gobernu taldeko ordezkari Beñat Larrañaga. Gai honekin ere Usurbil herri konprometitua dela adierazi du. "Usurbil beti izan da naziogintzarekin konprometitua dagoen herri bat eta bide horretan beti topatuko gaituzue", adierazi die Larrañagak Gu Ere Baiko ordezkariei.

ESAIT-ek eginiko lan oparoa hartu du gogoan, gerora alor honetan izan den hutsunea, eta alde horretatik pozgarritzat jo du Gu Ere Bai elkartearen sorrera, are gehiago une honetantxe bizi dugun testuinguru zail honetan. "Itzalita zegoen suaren txingarrak hauspotu eta su hori berriz ere pixkanaka denon artean pizten ari dela esango nuke" zioen udal gobernu taldeko kideak, elkartearen sorrerari esker.

"Asko dago egiteke" eta bide horretan "gaurko batzar hau" mugarri izateko desioa agertu du. "Gure eskubidea da gure elastikoak defendatzea, baina eskubideak nekez lortzen dira aldez aurretik borrokatu gabe". Esparru desberdinetara zabaldu beharreko borroka dela uste du Larrañagak. Gizartea aktibatzeko beharra ikusi du, eta horretarako erakundeak elkarlanera deitu ditu, "defenda dezagun gurea, euskal selekzioen ofizialtasuna". Aitortza hau eskuratzeko bidean, "ez diezagutela esan ez denik posible", adierazi du. Gales, Eskozia edota Kosovo jarri ditu adibide gisa. "Eta gu? Gu ere bai".