Hizkuntz eskubideen urraketen aurrean ahalduntzeko saioa gaur, Behatokiaren eskutik

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 3a, 12:25

Herritarrak hizkuntz eskubideen urraketen aurrean ahalduntzeko prestakuntza saioa eskainiko du Behatokiak, Usurbilgo Udalak asteazken honetan, otsailaren 3an Potxoenean antolatu duen hitzorduan.

Euskaldunok eguneroko bizimoduan hainbatetan pairatu behar ditugun hizkuntz eskubideen urraketen aurrean ahalduntzeko formazio saioa antolatu du Usurbilgo Udalak. Saioa Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eskainiko du asteazken honetan, otsailaren 3an 18:00etan Potxoenean. "Herritarrek zer tresna eta zer berme dituzten" azalduko da saioan. Izen ematea aurretik bideratu behar da usurbilkultura.eus atarian.

Jardunaldi hau, Usurbilgo Udalak eta Behatokiak Euskaraldi betean ginela iazko azaro amaieran urtebeterako sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren testuinguruan egingo da. Herritarrak hizkuntza eskubideez kontzientziatu eta ahalduntzea du helburu. Eskubideok bermatzeko tresnak eskaintzea. Eta horretara dator gaurko jardunaldia.


OTSAILAK 3, ASTEAZKENA
18:00 "Hizkuntza eskubideak. Herritarrak ahalduntzeko prestakuntza-saioa Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren eskutik Potxoenean". 
Zehaztasunak: "Hizkuntza-aniztasunaren kudeaketatik hasita, euskarak bizi duen egoeraren inguruko kontzientzia lantzea da xedea. Pandemia-egoerak biderkatu dituen eskubide-urraketen aurrean herritarrek zer tresna (Akuilari...) eta zer berme dituzten azalduko du Behatokiak. Kontzientziatik aitortzara, eta aitortzatik bermera. Mikroboterea. *Saiora telefono-mugikorra eramatea aholkatzen da".
Edukiera: 17 lagunentzako tokia.
Izen ematea: doan usurbilkultura.eus atarian.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.