Ameba taldearen "Elikatuz" estreinako diskoaren aurkezpen kontzertua, otsailaren 14an

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 3a, 11:55

Iazko Kultur Biran estreinako kontzertua eskainitako herriko taldeak udan grabaturiko "Elikatuz" estreinako sortze lana aurkeztuko dute otsailaren 14an Sutegin.

Osasun krisialdiak baldintzaturiko ezohiko testuingurua oso zaila izan arren, ezohiko garai hauetako errealitatea zein den aintzakotzat hartuta, bide ezin emankorragoa jorratzen ari da Ameba Usurbilgo musika talde berria. Uztaileko Kultur Biran eskaini zuten estreinako kontzertua. Erronkei heltzeko ausaldiak eta gogoak, abuztuan Martxel Arkarazorekin Garate Estudioetan "Elikatuz" estreinako diskoa grabatzera eraman zituen. 

Landutakoa aurkezteko unea heldu zaie orain; Enara Eizagirre, Aritz Zabaleta, Malen Azpiazu eta Jon Mikel Azpiazu laukotearen "Elikatuz" laneko abesti bilduma entzun eta estreinako lan hau ezagutzeko aukera izango dugu otsailaren 14an 17:00etan Sutegin. Hitzordurako sarrerak usurbilkultura.eus atarian eskura daitezke.


Amebaren "Elikatuz" estreinako lanaren aurkezpen kontzertua
Eguna: otsailak 14, igandea.
Ordua: 17:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: "Enara Eizagirre, Aritz Zabaleta, Malen Azpiazu eta Jon Mikel Azpiazu herriko gazteek, Garate Studios-en, Martxel Arkarazoren laguntzaz grabatutako “Elikatuz” diskoaren aurkezpena. Ameba taldearen lehen lana da honakoa eta herrian abiatuko dute aurkezpen bira".
Edukiera: 76 lagun.
Sarrera: doan otsailaren 12a baino lehen eskuragarri usurbilkultura.eus atarian eskuragarri.
Antolatzailea: AMEBA taldea.