Gure esku diren tresnak baliatuta, hizkuntza-eskubide urraketak salatzeko deia

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 4a, 11:37

Usurbilgo Udalak eta Behatokiak hizkuntza-eskubide urraketen alorrean eragiteko lankidetza hitzarmena sinatu zuten azaroa amaieran. Testuinguru horretan, herritarrak gai honetan ahalduntzeko formazio saioak egitea aurreikusten zuten; asteazken arratsalde honetan egin dute Potxoenean. Udalak antolatuta, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak, urraketok salatzeko sarritan sortzen zaizkigun zalantzei buruzko argibideak eskaini eta eskura ditugun tresnak aurkeztu zizkigun. "Eskerri asko Usurbil! Herritarren ahalduntzea hizkuntza-eskubideen bermerako ezinbesteko pausoa da", gogorarazi du Gaubekak sare sozialen bidez.

Behin kexatzea ez da nahikoa. "Eskatu, kexatu besterik ez dugu", euskaldunok eguneroko bizimoduan pairatzen ditugun hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean, "kexarik ez dagoenean, arazorik ez" baita ikusten, ez baita dagoen eskubide urraketa azaleratzen. Eta isilpean jarraitzen duen artean, urraketak urraketa izaten segiko du. 

Hala zioen Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak, asteazken arratsaldean Potxoenean eskaini zuen hitzaldian. Usurbilgo Udalak antolaturiko hitzorduak hizkuntz eskubideen urraketen aurrean, herritarrok eskura ditugun tresnak ezagutu eta erabiltzera gonbidatzeko ahalduntze saioa izan zen, "usurbildarren kontzientzia piztu eta aktibatzeko ikastaroa".

Beste eremu batzuei lotutako giza eskubideak barneratuak izan edota barneratzen goazen moduan, sexu berdintasunarena jarri zuen adibide moduan, euskararen bueltako hizkuntz eskubideak ere berdin, euskal hiztunok pairatu ohi ditugun "bereizkeria horiekiko" ere borrokatu beharra dugula nabarmendu zuen Gaubekak. Hala aitortzen baitigu Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak, Behatokitik oroitarazi zuten moduan, "ez da nor bereiziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik".

Horrez gain, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna sinatua eta berretsia dute espainiar eta frantziar estatuek. "Parteek konpromisoa hartzen dute ezabatzeko, oraindik hala egin ez badute, erregioetako zein gutxiengoen hizkuntza baten erabilerari dagokion bereizketa, baztertze, murrizketa nahiz lehentasun bidegabe oro, hauen helburua hizkuntzaren mantentzea edo garapena kikiltzea edo arriskuan jartzea bada". 

Euskal Herriak 5 araudi
Hauek onarturiko itun eta aitorturiko eskubideak, beste kontu bat da praktikan zenbateraino errespetatzen diren. Argi denez noski, "ez dituzte betetzen". Kontrakorik pentsa dezakegun arren, ezta oso euskalduntzat jo dezakegun Gipuzkoan ere. "Lege babesa izan bai, baina ez dira betetzen".

Europako panoramatik gure errealitate hurbilerainoko bidea marraztu zuen Behatokiak. Munduan ahotan hartzen diren 6.900 hizkuntzatik %3a hitz egiten da Europan. Hizkuntza ofizial bakar bat izan eta beste hizkuntza komunitaterik ez duen herrialde bakarra dago; Islandia. Herrialde bakoitzak bere mugen barnean duen hizkuntz aniztasuna nola kudeatzen duten ere azaldu zuen Behatokiko zuzendariak. Eredu desberdinak daude. Frantzia edota Turkiarena esaterako; hizkuntza ofizial bat dute, nahiz hizkuntza gehiago izan. Aniztasun hori balore kultural gisa aitortzen dute, baina "praktikan ez du eraginik. Aniztasunik ez da onartzen".

Hizkuntz aniztasunaren "nolabaiteko" aitortza egiten duten herrialdeak ere hor daude. Hemen bi eredu ezberdintzen dira. Norbanakoen printzipioak aintzakotzat hartzen dituen Finlandiakoa adibidez. Bertan duten irizpideetako bat honakoa da; herri batean hizkuntza berean hitz egiten duten 3.000 herritar baino gehiago baldin badaude elebitasuna aitortzen da. Espainiar estatuan, hizkuntza ezberdinak hitz egiten dira, baina Behatokitik nabarmentzen dutenez, "nolabaiteko" aitortza egiten zaie. Euskararekin gertatzen dena dugu horren guztiaren adibide argia.

Euskal Herrira etorrita hain zuzen, "saltsa" ederra dugu euskararekin. Behatokitik azaldu zuten moduan, "euskararen estatusak" bost araudi ezberdin ditu Euskal Herrian. Nafarroatik irten gabe, bertan hiru; hiru zonaldeetan bereizia baitago herrialdea: Nafarroa iparraldea, gaztelaniarekin batera euskararen ofizialtasuna aitortua duen zonaldea; gaztelania ofiziala izan baina euskarari dagokionez, zenbait eskubide aitortzen dituen Nafarroa erdialdea; eta gaztelania soilik ofiziala den hegoaldea. Bertan euskal hiztunei ez zaie eskubide bakar bat ere aitortzen. Ipar Euskal Herrian, frantsesa dute hizkuntza ofizial bakarra. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAE mailako araudia dugu indarrean eta euskara eta gaztelania dira hizkuntza ofizialak.

Euskaraz lan egiteko derrigortasuna
Eremu hurbilenera etorrita, EAE mailara honenbestez, euskaldunoi legeek zer eremuetan babesten gaituen azaldu zuen Behatokiko zuzendariak. Kontuan hartzekoa, sarritan zalantzak sortzen direlako, non zer eskubide exijitu daitekeen. Zerbitzu guztiotan euskaraz lan egitera derrigortuak daude:
-Administrazio publikoa: EHU, Osakidetza, Ertzaintza, Udaltzaingoa. Alegia, osasungintza, hezkuntza, komunikazio enpresak, energia hornitzaileak, garraiobideak eta garraio enpresak.
-Administrazio publikoaren menpe dauden erakundeak: Alokabide, Aquitaine-Euskadi Logistika Plataforma, BEC, Behargintza, Bidegi, Correos, Doako Laguntza Juridikoen Batzordea, Egailan, Euskadiko Orkestra sinfonikoa, Euskalit, Euskotren, Eustat, Ficoba, Interbiak, Kutxak, Renfe, Langai, Lurraldebus, Spri....
-Zerbitzu publikoa ematen duten garraiobide eta garraio-enpresak eta geltokiak: aireportuak, autobus geltokiak...
-Aseguru, finantza eta kreditu erakundeak, etxebizitzari buruzko informazioa ematen dutenak...
-Osasungintza edota hezkuntza gune publiko zein pribatuak.
-Energia hornitzaileak: ura, gasa...
-Telekomunikazio enpresak: mugikorren enpresak...
-Establezimendu komertzial handiak: 250 langiletik gora dituztenak, 50 milioi eurotik gora duten negozio bolumenekoak...; salmenta gunearen azalera 400 metro karratutik gorakoa dutenean, hiriburuetako establezimenduak, elebidunen proportzioa %33 baino handiagoa duten udalerrietakoak, zentro komertzialak, merkatuak...

Euskararekiko exijentzia falta
Eta hementxe dator gai honen guztiaren gako nagusia; halakoetan, alegia ezarritako araudia ere betetzen ez dutenean, "zer gertatzen da?", euskaldunok zer egin dezakegu? Hor hasten da herritarron zeregina. Oraindik ezagutza falta bada, zalantza ugari zer egin daitekeen halakoetan, geureak diren eskubideak betearaziak izatea exijitzerakoan erreparoa izan dezakegu. 

Eskubideok betearazteko tresnak falta direla nabarmendu zuten Behatokitik. "Urraketa ehunka jasotzen ditugu urtero eta ez da ezer pasatzen". Pandemia hilabeteotan esaterako, osasungintzari lotutako hainbat salaketa jaso dituzte, euskaraz dakiten profesionalak falta direlako. Lanpostu publiko hainbatetan ez zaio idatziz nahiz ahoz euskara erabiltzeko gai izatea exijitzen profesionalari. Usurbilgo anbulatorioan berriki bizi izan den moduan, euskaraz ez zekien pediatrarekin. Eremu gehiagotan ere gertatzen da; esaterako, Ertzaintzan, edota justizian horrek dakartzan ondorioekin, begi bistakoa baita horrek guztiak "nolako eragina izan dezakeen defentsa eraginkor batean". 

Kontzientzia, aitortza eta arauen bermea
Ekainean 20 urte beteko dituen Behatokiak bi hamarkada daramatza "herritarren ondoan" helburuon bueltan lanean; euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak babestu eta defendatzen; hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean euskaraz bizi nahi duten herritarrei oztopoak gainditzeko laguntza eskaintzen; zailtasunen aurrean herritarrei babesa eman eta euskaraz bizitzeko nahia egunerokoan eta praktikan errealitate bihurtzeko lan egiten.

Herritarrak aldaketarako "mikroboterea" izan gaitezkeela ohartarazi zuen Gaubekak. "Mikrobotere" hori gauzatzeko piramidearen hiru ertzak gogorarazi zizkigun; herritarren kontzientzia, erakundeen aitortza eta arauen bermea. Urraketak salatzera, kexuak aurkeztera animatzen gaitu Behatokiak, kexuek benetan eragina izan izaten dutela. Esaterako sare sozialek hizkuntza-eskubideen urraketak salatzeko hedabide gisa duten eragina nabarmendu zuen Gaubekak, enpresa bati baino gehiagori salaketok irudia "kolokan" jarri dutela nabarmenduz.

Usurbilgo Udaletik ere hizkuntza-eskubideen urraketak salatzeko deia egin zuten. "Zenbat eta begi gehiago, eragiteko ahalmen handiagoa", zioen udaleko euskara teknikari Ander Moronek. Gogorarazi zuenez, arlo honetako ordenantza bat badu Udalak, arauak jarri eta betearazten ere aritzen dira, halere ordea, herritarrak ere adi egon eta urraketarik sumatzen badute jakinaraztera deitu zituen.

Hizkuntza-eskubideak urratzen zaizkigunean, kexak aurkezteko bideok ditugu:


KEXAK BIDERATZEKO BIDEAK
Kexak biltzeko postontziak Usurbilen:

Zenbait udal zerbitzuetan: Sutegin, Potxoenean, udal erregistroan...
NOAUA! Kultur Elkartean.
Urbilen.

Akuilari:
Mugikorretarako aplikazioa, akuilari.eus atarian eskuragarri. Kexua iruditan jasotzeko argazkia atera eta zuzenean Behatokiari helarazteko aukera ematen du. Bertan erabiltzaileek azken hilabeteotako kexak ikusteko aukera dute. Hizkuntza-eskubideen urteko txostena jasotzeko aukera eskaintzen du; aurkeztu den kexa kopurua...

Webgunea:
Erabiltzaile gisa erregistratuta kexak testu eta irudi bidez helarazi daitezke euskararentelefonoa.eus webgunearen bidez. Kexen jarraipena egin, zalantzak argitu edota jarrera eredugarriak txalotzeko aukera eskaintzen du.

E-posta:
Hizkuntza-eskubideen urraketak email bidez ere salatu daitezke, telefonoa@behatokia.eus helbidean.

Telefonoz:
948 146 172
690 932 472