#covid19

"Pandemia tabernan" saioaren laugarren atala: "Grabazioa"

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 6a, 12:00

"Pandemia tabernan" web saio berria estreinatu du herri honek, Aitzaga tabernan "infiltratuta". Albiste honi atxikia duzuen baina NOAUA!ren Youtuberen kanalean ikus dezakezuen lehen atalak taberna atarian utzi gintuen ostiral eguerdian, musukoen erabileraz ziharduten lagun arteko solasaldiaren hasieran amaitu zen bigarrena. Hirugarrenak lagunon eta hirugarren baten arteko mahai eta "petril" erreserbari buruzko solasaldia ekarri digu. Albiste honi atxikia duzue kamera ezkutuak herriko taberna barruan grabatu eta larunbat arratsalde honetan argitara eman berri duen laugarren atala. Saio honen benetako xedea agerian utzi duen atala.

Kamera hartuta Mikel Laboa plazatik Irazu kalean barrena frontoian behera doa. "Usurbilen gaude", dio herriko aurpegi ezagun batek, Patxi Erreportarik. "Ongi etorriak Pandemia Tabernan saiora". Ezkutuko kamera bat hartuta, Txaramuntoko bizilaguna dela esanez, tabernarik ba ote den galdezka hasten zaio herritar bati, eta hark Aitzagara gonbidatzen du. Hantxe doa. "Bertan infiltratuko gara gure motxila kamerarekin", iragarri digu.. "Kameralaria kanpoan utzi eta bagoaz barrura! Etorri gurekin!".

Eta hortxe amaitzen da "Pandemia Tabernan" web saio berriaren lehen atala. Ez azkena. Saio honetako ezkutuko kamerak zer grabatu ote du Aitzaga barruan?

Musukoa ezbaian
Hala utzi gintuen ostiral eguerdiko lehen atalak. Ostiral arratsaldeko 17:00etan plazaratu zuten bigarrena. Patxi Erreportari taberna barruan, ondoan ezagutu berri duen lagunarekin tragoa eskatzen. Txaramuntoko bizilagun berriak ordea elkarrizketa eten du musukoa jantziko duela esateko. Ondoan zuen lagunak ez zeraman musukoa jantzita, lasai egoteko esaten dio, zerbitzaria lankidea izan eta oraintxe lan txanda amaitu berria duela. Barraz bestalde, Aitzagako langilea "konfiantzak nazka ematen du" esanez. Musukoak jantzi eta mahaian esertzea erabakitzen dute.

"Zer da petrila?"
Larunbat eguerdi honetan estreinatu berri duten hirugarren atalak musukoa jantzita zuten aurreko bi lagunak, Patxi Erreportari protagonista tartean, mahaian eserita ageri dira, eta hirugarren bat hurbiltzen zaie eseri ote daitekeen galdetuz. Terraza beteta dago eta petrilean esertzeaz nazkatuta dagoela dio, Aitzagan lekua ba ote den galdetuz koadrilekoen mezua jaso duen lagun honek. "Zer da petrila?", galdetzen dio Txaramuntora bizitzera etorri den Patxi Erreportarik. Galderarekin harri eta zur utzi ditu mahaiko beste bi lagunak. Mahaien bat libratzen bada horren berri emango diola adierazi dio besteak koadrilako mezua jaso duenari. "19:30etan azken tragoa" gogoratzen die tabernako langileak. Patxiren mahaiko bi lagunak badoaz. 

Laugarren atalean Patxi Erreportari lagunen tragoa ordaintzen ikusi dugu eta "Pandemia tabernan" saiorako grabazio lanetan.

Lau atalak NOAUA! K.E.-ren Youtubeko kanalean ikus ditzakezue.