"Ankerkeriari stop!"

Aitor eta Galder aske uztea exijitu dute: "Orain inoiz baino gehiago... Zuekin gaude!"

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 6a, 13:50

"Orain inoiz baino gehiago... zuekin gaude!" adierazi zaie larunbat eguerdi honetan Usurbilgo frontoian egin duten elkarretaratzean bildutakoek, aste honetan bertan "mendeku gosez elikatzen den" Espainiako Auzitegi Nazionalak launa urteko espetxealdiarekin zigortu dituen Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrei. "Ez da bi gazte arabarren aurkako eraso huts bat, herri oso baten nahiak, desirak eta ametsak zapuztu nahi dituen eraso planifikatua, baizik", salatu dute frontoiko mobilizazioan. Datozen egunotako deialdietan parte hartzera deitu dute. Manifestu bat kaleratu du bi gazteok aske uztea eskatzeko lanean ari den herri ekimenak. Helbide honetan sinatu dezakezue: ankerkeriastop.eus

#ANKERKERIARI STOP
Iritsi da epaia. Berretsi da injustizia; beste behin ere haien errelatora kateatu nahi gaituztenen erabakia. Lau urteko espetxe zigor bana ezarri die mendeku gosez elikatzen den Audientzia Nazionalak Aitorri eta Galderri.

2 urte beteko dira atxiloketak jazo zirenetik. 10 egun Madrileko antzerki makabro hartatik. Duela denbora gehiegi hasi zen prozesu amaigabea, ordea, ez da hemen amaitzen. Bidegabekeria onartezin honen aurrean, eskura ditugun bide guztiak agortu arte jarraituko dugu. Izan errekurtso bidez eremu judizialean, izan elkartasun, babes eta salaketa bidez Euskal Herriko kaleetan. Bien bitartean, baina, Aitorren eta Galderren eguneroko bizitzek baldintzatuta jarraituko dute, auziaren bilakaerak ekar dezakeenaren esperoan. Finean, ANkerkeria amaigabe batean murgildurik.

Justizia deitzen diote, mendekua denean. Anakronikoa dirudien auzi honek agerian utzi du, beste behin, zein den espainiar "justiziaren" izaera eta hau indarrean mantentzeko erabiltzen dituen mekanismoak. Nahikoa dute egiazkotasun-presuntzioa daukaten morroien deklarazio huts bat eta sostengatu ezin izan duten etorkizun handiko ikerketa lerro bat, aspalditik zirriborratuta zeukaten "erabaki" bati sinadura ofiziala jarri ahal izateko.

Epaiak berretsi besterik ez du egiten azken asteetan salatutakoa. Konpromiso eta jardun politikoa izan dela, hain justu, salbuespenezko auzitegian epaitu dutena. Ez da bi gazte arabarren aurkako eraso huts bat, herri oso baten nahiak, desirak eta ametsak zapuztu nahi dituen eraso planifikatua, baizik. Honen aurrean, hartutako bidean berresten gara: elkartasuna eta elkarrekiko babesa. Hori baita herri honek hamarkadetan zehar erakutsitako baliorik handiena. 

Gauzak horrela, datozen egunetan zabalduko diren deialdietan parte hartu eta babesteko deia luzatzen dizuegu, tokian toki burutu daitezkeen elkartasun keinuak zabaltzearekin batera.

Orain inoiz baino gehiago... Zuekin gaude!

Ankerkeriari Stop
Aitor eta Galder aske