Beterri-Buruntza eskualdea saretzeko ahalegin berri bat

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 8a, 12:24

Beterri Saretuz ekimenaren bitartez, parte-hartzean oinarrituriko enpresen ekosistema bat sortu nahi da. Bigarren edizioa asteazken honetan abiatuko da eta helburu hauek izango ditu: "interkooperazioa, elkar ezagutza eta enpresen beharrak asetzea. Ekimen irekia da, eta enpresa, proiektu, eragile eta tokiko erakunde gehiago batu nahi ditugu, sarea indartzen jarraitzeko".

Parte-hartzea etengabe elikatu beharreko zerbait da enpresetan. "Ekonomia sozial eta eraldatzailearen oinarrietako bat izanik, hori gabe nekez lortu liteke proiektu batek lurraldean eragitea", egitasmo honen sustatzaileek prentsa-ohar bidez aditzera eman dutenez. "Baina horretarako oso lagungarria da eragile, erakunde eta enpresek osaturiko ekosistema bat sortzea".

Helburu horrekin jaio zen 2019an Beterri-Buruntza eskualdeko hainbat enpresa eta eragileren ekimenez Beterri Saretuz programa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko departamentuak eta Beterri-Buruntza Udalek lagunduta. Programak jarraipena izango du aurten.

 

Enplegu politiketan erreparatuko dute

Beterri Saretuz ekimenak eskualdean eragitea du xede. "Hala, enpresa eta bestelako proiektuez gain, bereziki gonbidatu nahi ditugu enplegu politiketan dabiltzan tokiko erakundeak eta gizarte zerbitzuak eskaintzen dituztenak, egitasmo honetan parte hartu eta ekosistemari bultzada eman diezaioten".

Sei hilabetez luzatuko da aurtengo programa. Alde batetik, enpresen beharrei erantzuteko prestaturiko saioak egingo dira: "esperientzia eta metodologiak partekatuko ditugu eta horretarako bidelagun izango ditugu eskualdeko eta eskualdez kanpoko zenbait proiektutako kideak, hala nola Bidasoaldeko BDS Koop eraldaketa fabrika, Goierriko Biziola sarea eta Hernaniko Maitelan kooperatiba, beste batzuen artean". Bestetik, elkar ezagutzaren eta interkooperazioaren bidez parte-hartzean oinarrituriko enpresen sarea indartzen jarraitzeko saioak egingo dira.

 

Lehen jardunaldia, Usurbilen

Beterri Saretuz ekimenaren bigarren edizioa asteazken honetan abiatuko da. "Covid-19a dela eta espazio eta modu egokiak aurkitzeko lanean ari gara, osasun segurtasun neurriak bermatzeko", sustatzaileek aditzera eman dutenez.

 

Bideoak eta edukiak

Beterri Saretuz programaren barruan egindako jardunaldi guztiak Youtuben kanalean daude ikusgai. Bideo laburpenak eta ekitaldi osoak kontsultatu daitezke, hala nola hizlarien interbentzioak eta esperientzien kontakizunak: Beterri Saretuz.

Bestalde, Argia aldizkariak ekimenaren inguruko erreportajeak eta jardunaldien kronikak argitaratu ditu Creative Commons lizentzia librepean erabilgarri: Argia.

 

 

Informazio gehiagorako:

E-maila: beterrisaretuz@gmail.com

Kontaktuak: Andoni Egia (Beterri-Buruntza Udalak) 688 84 95 40 / Ainhoa Iribar (TaPuntu) 691 16 64 09.