Koronabirusa

Eskola kirola eta Zirimara etenda berriz

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 8a, 12:26

Ostalaritzarekin batera jarduera fisikoari lotutako dinamikei bete-betean eragingo die Usurbil eremu gorrira igarotzeak; tartean, Eskola Kirolari eta Zirimarari. Eskaintza hauen antolatzaileek etenaldiari lotutako oharra kaleratu dute.

Haur eta gaztetxoak berriz ere eskolaz kanpoko kirol eskaintzarik gabe geratu dira enegarrenez. Eskola Kirola eta Zirimara etenda geratu dira, 500etik gorako intzidentzia izatera heldu delako covid19a Usurbilen. Eremu gorrira igaro gara, eta Eusko Jaurlaritzaren dekretuak esparru honetako jarduerak debekatzea agintzen du.

Usurbilgo Eskola Kirolaren eta Zirimararen antolakuntzak oharra plazaratu du, eskaintza hauek bihartik (otsailak 9) etenda geratuko direla berri emateko. Hala jarraituko dute Usurbilek eremu gorrian segi artean, edota "araudi berriak baimendu arte". Desio argia helarazi diete Usurbilgo familiei; "etenaldi laburra izango dela espero dezagun". 

Hemen oharra osorik:

"Kaixo familia,
Gaur argitaratu dituzten datuak direla eta, Usurbil eremu gorrian sartu da, 539ko intzidentzia metatua dugu. Egoera hau dela eta Eusko Jaurlaritzak ebazpena atera du eta murrizketak sartuko dira indarrean Usurbilen, bihartik aurrera (otsailaren 9an). Bertan behera gelditzen dira Eskola Kiroleko jarduerak eta Zirimara egoeraz aldatu arte edo araudi berriak baimendu arte. Etenaldi laburra izango dela espero dezagun. Animo eta zaindu!!".

Enegarren etenaldia
Ia urtebete daramate buru nahiz gorputz osasunarentzat oinarrizkoak diren jarduerok etenda. Ia 2019-20 ikasturte amaierara luzatu zen udaberriko konfinamendua izan zen lehenik. Prebentzio neurri zorrotzak hartzeko lanketa eginda, udan, udako txokoak antolatu ahal izan ziren, baina bi asteko epean bertan behera uztea agindu zuen Eusko Jaurlaritzak. Irailean, ikasturte berria hasita, sei hilabetez itxita izan ostean, ikastetxeak berriz zabaldu eta Eskola Kirola nahiz Zirimara berreskuratzeko lanketari ekin zioten herriko kirol esparruko eragileek. 

Norbanakoen jarduerak urria hasieran abiarazi zituzten, bigarren hamabostaldian taldekakoak. Baina astebetera eremu gorrian sartu eta berriz ere etenda geratu zen eskaintza hau guztia.

Luze zihoan etenaldi hura leuntze aldera, ariketa fisikoa sustatzen zuten jolasetara bideraturiko "neguko txokoak" antolatu ahal izan zituzten neguko oporretan. Bi astez, primeran pasa eta izugarri eskertu zuten urteroko egun horietako ohiko kultur eskaintza (gabonetako parkeak...) etenda izan zuten gaztetxoek. Usurbilen talde bat osatu zen, Aginagan bestea.

Oporren bueltan, Eusko Jaurlaritzak dekretu berria onartu eta 500etik beherako intzidentzia zuten udalerrietan Eskola Kirola antolatzea baimendu zuen. Dekretua kaleratu zuen egunean bertan, urtarrilaren 12an herri eragileek adierazpen bateratua kaleratu zuten; "kirola eta jolasa bueltan dira" iragarri zuten. Urtarrilean berriz martxan jartzeko lanketa bideratu zen, baita jarri ere.

Usurbil eremu gorrira igaro eta berriz etenda geratu den arte. Eskaintza soil batetik haratago, etenda geratu da berriz, gaztetxoen osasunerako premiazkoa den eskaintza. Prebentzio neurri zorrotzak hartuak zituen lagunarteko aisialdi esparrua.