Koronabirusa

Egun bateko itxieraren ostean, tabernak eta jatetxeak zabalik berriz

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 10a, 11:45

Astelehenean zabalik, asteartean itxita eta asteazkenean berriz irekitzen hasiak dira herriko tabernak eta jatetxeak, EAE-ko Auzitegi Nagusiak eremu gorrian diren udalerrietako sektore honetako establezimenduei beren jardunera itzultzea baimendu ostean.

Pandemia egoera honetan bizi dugun ziurgabetasunaren adibide argia da, ostalaritzarekin gertatzen ari dena. Asteazken honetan zabaltzeko baimena dute berriz, herriko taberna eta jatetxeak, Usurbilek eremu gorrian segi arren. Hainbat tabernek egokituak dituzten terrazak berriz jarri dituzte goizean goiz, pertsianak altxatzearekin batera.

Berez, honek ez luke albiste izan behar, baina hala da. Aste honetan bertan 24 orduko tartean, egoera goitik behera aldatu zaie ostalariei ez behin, bitan, erakundeen eta justizia auzitegien artean gertatu den talka tarteko.

Eta talka horren eraginak bete-betean harrapatu du ostalaritza. Usurbilera etorrita, astelehenean orain arte bezala, prebentzio neurri zorrotzen artean zabaldu ahal izan zituzten jatetxe eta tabernak. Gogoan izan, txotx bolada ere ofizialki hasita dagoela, baina Usurbilgo sagardotegiek lan egin ahal izan dutela soilik eskualde osoa eremu gorrian baitzen, Usurbil laranjan. 

Astelehenean ordea, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren txosten epidemiologikoak udalerri hau eremu gorrira igaro zela berri eman zuen. Eta kolore aldaketarekin, ostalaritza osoa ixteko agindua heldu zen. Astelehen iluntzeko 20:00etan tabernetako pertsianak jaitsi zituzten, berriz noiz ireki ahalko zuten jakin ezinik.

Biharamunean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ostalarien elkarteek aurkezturiko helegitea ontzat hartu eta EAE-ko Auzitegi Nagusiak eremu gorrian diren udalerrietako ostalariei negozioak berriz zabaltzea baimendu zien behin-behinean, auzia sakonago aztertu artean behintzat.

Asteazken honetan irudiotan ikus dezakezuen bezala, herriko tabernak zabaltzen hasiak dira berriz.