Kabiene: “Pandemia garaiko autogestioa ez da erraza izan, baina horrek indartu gaitu”

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 10a, 08:59

Telelana eta lan eremuko isolamendua ongi baino hobeto ezagutzen duten Kabiene elkarlan gunean izan da NOAUA!, pandemia hilabeteok nola bizi dituzten jakite aldera.  Kabiene sortu zutenetik bertako kide den Julen Arteaga arkitektoarekin, berriki heldu eta diseinu grafikoan lanean ari den Marga Berra hendaiarrarekin eta Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaile elgoibartarrarekin bildu da aldizkari hau.

Agurtu berri dugun 2020. urte ahaztezinaz balantzea egiteko unea. Nolako urtea izan da Kabienen?
Danele Sarriugarte: Inoiz baino ageriago geratu da, gune autogestionatu bat dela Kabiene eta ondorioz, denontzako berria zen egoera bat bizitzea tokatu zaigu. Autogestio hori gure artean erabaki behar izan dugu; neurriak nola hartu, zer egin. Ikasketa prozesu bat izan da. Ez da prozesu erraza izan, 11 pertsona desberdin baikara. Lana nekeza izan da batzuetan baina hori gainditu izanak talde bezala sendotu gaitu.
Julen Arteaga: Urteak garbi utzi digu Kabiene beharrezko espazio bat dela eta espazio hau, lantoki autogestionatu bat izanik horrek bere berezitasunak ditue. Horri aurre egin behar izan diogu.
Marga Berra: Kabiene ez dut ezagutu pandemia aurretik eta niretzat argi bat izan da urte ilun honetan, babes toki bat, lan giro gozo bat. Kudeaketa ez da beti erraza izan, halere balorazioa biziki positiboa da.

Martxoan birus batek konfinatu gintuen. Zuek ederki dakizue etxetik lan egitea zer den. Etxera “buelta” hori nolakoa izan zen?
J.A.: Gogorra, txarra. Gainera, etxetik lanean aritzea badakigu zer den. Baina oraingoan, etxetik ezin genuen atera, isolamendu hori are handiagoa zen. Bueltatzeko aukera eman zigutenean denok bueltatu ginen.
D.S.: Kabienen pandemia aurretik hasi nintzen etxetik kanpo lan egin nahi nuela erabaki nuelako, eta etxera, telelanera berriro itzultzeak etxetik kanpo lan egiteko espazio bat izaten jarraitu nahi nuela are eta garbiago utzi zidan.

Pandemiak zer moduan eragin du Kabieneko kide eta proiektuengan? Eta baita noski, elkarlan gunearengan ere?
J.A.: 11 pertsona eta 11 proiektu ezberdin daude, eta bakoitzari modu desberdinean eragin zion. Badago bere lanarekin berdin jarraitu duena bere etxetik, beste batzuei gehiago eragin die. Kabiene gune autogestionatu bezala, martxoan eta apirilean guztiz itxita egon zen eta bi hilabete horietako alokairu gastua kide bakoitzari ez kobratzea erabaki genuen.
D.S.: Alokairu gastuentzat, autonomoen kuota, argia… Horrekin ez zen egon berehalako erantzunik eta Kabienetik gune autogestionatu gisa kideen alde egin genuen.

Etxetik lan egiteak eragindako isolamendua gainditzea ahalbidetu du Kabienek urteotan. Pandemiak inoiz baino ageriagoan jarri du egitasmo honen balioa?
M.B.: Autogestionarena. Zinez ohartu gara ez dugula nagusirik ze baldintza edo segurtasun neurri bete behar ditugun esaten diguna. Horretan zinez sentitu dugu autogestionatuak ginela, hamaika pertsona, bizipen eta ikusmolde desberdin. Ez da erraza izan baina horrek indartu gaitu.
D.S.: Denon artean erabaki dugu neurriak nola ezarri.
M.B.: Aunitz ikasi dugu, autokritika handia izan da, atera dira Kabienen autogestio talde gisa funtzionatzeko modu berriak. Helburua zen denok ongi sentitzea Kabienen. Bakoitzak behar zuen zerbait beretik eman eta inork etxean geratzea nahiago ez izatea zen helburua. Indar handia zuen talde gisa pentsatzeak. 11 lagun adosteko orduak eta orduak pasa ditugu mintzatzen. Esperientzia zinez aberasgarria izan da eta hor sumatzen da hemen lanean ari garenok zer konpromiso hartzen dugun. Bada besteenganako interes zaintza handi bat.

Prebentzio neurri gisa, une batzuetan behartu edota besteetan etxetik lan egitea aholkatu da. Egoki kudeatu al da gai hau zuen ustez?
M.B.: Hemen garenok badakigu etxean lan egiten, orain jendeak deskubritu du zer zen eta ikusi dugu jendeak nola bukatu duen. Iruditzen zaigu kudeaketarik ez dela izan, eta jendea ez dela prest, jendea ez delako ohitua espazio berdinean dena partekatzera.
J.A.: Gure ustez ez da kudeatu ez erakundeen ezta enpresen aldetik ere. Egin dena da jendea etxera lanera bidali eta kito. Badirudi Espainia mailan badela telelanaren inguruan lege bat ateratzeko asmoa.
D.S.: 
Ardura norbanakoaren gainean jarri da. Estres handia zen etxeratzea eta ez zen kontuan hartu. Bakoitzak ahal zuen moduan moldatu behar izan zuen, nahiz eta zaintza sarea eta beste ekimen asko egon.
J.A.: Etxera bidali zen jendea lanera norberak etxean zer baldintza fisiko dituen kontuan hartu gabe, bakoitzak kudeatu behar izan du. Telelana egokia izan daiteke batzuentzat, baina ezin da saldu saldu den moduan, guztiaren irtenbidea balitz bezala.
D.S.: Eta horretarako baliabiderik jarri gabe, jendea prestatu gabe.

Bizi dugun osasun krisialdia aurrera begirako ikasgairik uzten ari al da zuen lan eremuan?
J.A.: Pandemia honek lehendik bagenituen hausnarketa edo ideia batzuk indartu egin ditu.
D.S.: Gure erabakiak izaten du jarraitzen eta pandemia garai honetan berretsi da, espazio bereizi bat, lantokia izatea ona dela osasunerako, langileen arteko elkartasuna bultzatzeko.
M.B.: Pandemia garaian batzuek ordu batzuk etxetik lan egitea aunitz eskertu dute. Baldintza egokiak izanda, telelana gerora begira gure gizartean aterabide bat izan daiteke.
J.A.: Guztiz ados. Baina “miragarritzat” saltu den telelanak bere arriskuak ditu; langileen arteko elkartasuna errazago apurtzen da. Oso “interesgarria” da zure etxera zure ordenagailu eta Internetarekin joatea, argindarra zuk ordainduz, lan bera edo gehiago eginez, eta lankideekin duzuen konexioa galduta. Kabienen kide bakoitzak bere lan eremu ezberdina du, baina elkar asko laguntzen gara. Autonomo gisa arazo komunak ditugu eta Kabienek horretan pila bat lagundu digu.

Kide eta proiektu berrientzat zabalik
Une honetan zenbat kide eta zer nolako proiektuen kabia da zuen elkarlan gunea?
M.B.: Diseinu grafikoan nabil. Ainara Azpiazu “Axpi” ilustratzailea da; Joseba Larratxe ilustratzailea; Maialen Garagarza itzultzailea; Danele Sarriugarte itzultzailea.
J.A.: Hiru arkitektu ditugu; Dani Carballo bere aldetik dabil eta Antton Korta eta ni batera.
D.S.: Yolanda Arrieta idazlea; Ibai Arrieta argazkilaria; eta Nekane Orkaizagirre diseinatzaile grafikoa.
J.A.: Webgune berrituan dituzue xehetasunak. 11 gaude, batzuk hasieratik. 16 kide izatera heldu ginen. Batzuek bizitza aldatu eta Kabiene utzi dute, kide berriak sartu dira. Baina Kabienek proiektu bezala martxan segitzen du. Lehen beharrezkoa ikusten genuen eta pandemia honek are eta gehiago areagotu du behar hori.
D.S.: 11 gara, kide gehiagorentzat oraindik tokia dago eta guk gustura hartuko genuke.

Norentzat izan liteke egokia?
J.A.: 
Zure kontutik lan egiten baduzu eta behar duzuna baldin bada mahai bat eta ordenagailu bat, Kabiene zabalik duzu.
D.S.: Aipatu hausnarketa horiekin guztiekin identifikatua sentitu den norbait, edo etxean lan egiteaz kokoteraino dagoena.

“Hasiz Hazi” beka izan daiteke sarbideetako bat. Zer nolako balantzea egin dezakezue beka deialdi honen inguruan?
J.A.: Bekak lau urtez martxan darama. Jende ezberdina pasa izan da hemendik. Balorazio positiboa eta interesgarria dela iruditzen zaigu, baina lau urteok hobetzeko eremuak badaudela erakutsi dute. Beka hau oso bideratua dago hasiberriei eta agian luzapen baterako aukera izan behar du. Gure hobekuntza proposamenen azterketa udalarekin partekatu dugu.

Aurreikuspen zehatzik egitea ia ezinezkoa dirudien honetan, zer nolako 2021a espero duzue Kabienen?
M.B.: Pandemiak indartu gaitu eta aski esperantzarekin hasi dugu urtea, gogotsu talde gisa eta Kabienen. Pertsonalki autonomo gisa batzuentzat urte zailagoa izango da besteentzat baino.
J.A.: 11 pertsona gaude eta nahiko genuke jende gehiago erakartzea. Ikusi beharko genuke hori nola antolatu.

Aniztasuna dario Kabieneri lan arloetan, jatorria…
J.A.:
Bere garaian 2 emakume eta 9 gizon izatera heldu ginen. Errealitatea nola irauli lantzen hasi eta egun 6 emakume eta 5 gizon gara.
D.S.: Kabieneko irizpideetako bat bertako kideek euskaraz ulertu behar dugula da. Konpromiso hori oso presente dago eta datozen kideekin hori aberasten eta indartzen jarraitzen dugu. Irakurketa talde bat osatu dugu. Hilero liburu bat irakurri eta komentatuko dugu.
J.A.: Kabiene espazio fisiko bat izateaz gain, babes sare bat sortua dago. Gure artean giro oso ona dugu eta lantokian espazio egokia izateaz gain, hori lagungarria da.