Udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketetan parte hartzeko izen ematea zabalik

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 11a, 09:04

Udalerri euskaldunetako gazteei zuzenduriko topaketak antolatu ditu aurtengorako ere Usurbil kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA). 2021eko edizioa Zumaian abiatuko da ekainaren 28an eta Lekeition amaitu uztailaren 4an. Izen ematea zabalik dute 14-18 urte arteko gazteentzat, martxoaren 31ra arte.

Bistan denez, udaleku ibiltariak izango dira. "Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin", UEMAren esanetan. 

Herritarrak euskararen inguruan kontzientziatu eta sentsibilizatzeko UEMAk duen lan ildo nagusietakoa den horretan kokatzen ditu udalekuok, zehazkiago esanda, "euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua" du martxan aipatutako mankomunitateak. Ikastetxeekin lanean ari da; HH, DBH eta Batxilergoko ikasleekin. "Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain".

"Euskara eta gozamena elkarrekin"
Aurreko urteetako edizioen antzera, aurtengoak ere udaleku ibiltariak izango dira. "Herriz herriko ibilaldiak, kantaldiak, kontzertuak, jolasak, solasak eta ederki pasatzeko lagunarteko giro ederra" aurkituko dute parte hartzaileek. 

Udalerri euskaldunetako 14-18  urte arteko gazteei dago zuzendua udaleku ibiltarion deialdia. "Euskara eta gozamena elkarrekin, zazpi egunez, Gipuzkoetako Bizkaiko kostaldean". 

2019ko edizioa Usurbildik abiatu zuten eta Arantzan amaitu. Aurtengoak ibilbide hau osatuko du:
1. etapa: Zumaia-Itziar (ekainak 28).
2. etapa: Itziar-Ondarru (ekainak 28-uztailak 1).
3. etapa: Ondarru-Lekeitio (uztailak 1-uztailak 4).

50 lagunentzat
Izen emateko epea martxoaren 31ra artekoa izango da. 50 lagunentzako lekua egongo da. "Kopurua gainditzen bada, lurraldetasuna, genero irizpidea, eta izena emateko ordena hartuko da kontuan taldea osatzeko", UEMAk ohartarazi duenez.

Izen emateko bideok zabaldu dituzte:
uema.eus
hezkuntza@uema.eus
943 816 669
UEMA, Azoka plaza (6. bulegoa)
Enparantza nagusia 11
20730 Azpeitia, Gipuzkoa

Sukaldari eta begiraleak behar dituzte
Udalekuok iraungo duten tarterako langileak behar ditu UEMA-k; aisialdiko sukaldari eta begiraleak hain zuzen, ekainaren 28tik uztailaren 4rako. Interesdunek martxoaren 31 baino lehen helarazi behar dute curriculuma hezkuntza@uema.eus helbidera. "Jasotako curriculumak begiraleak eta sukaldariak kontratatuko dituen enpresaren esku utziko ditu UEMAk". Hautaketa amaitutakoan, eskaeren artean apirilaren 15ean jakinaraziko dute hautatuak nortzuk izango diren. Lanpostuetan aritzeko ezaugarriok hartuko dira kontuan:
-Begirale titulua izatea.
-EGA edo bere baliokidea izatea.
-Hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak izatea edo burutzen egotea.
-Lan eskarmentua antzeko lanetan.
-Euskararekiko sentsibilizazioa.
-Taldean lan egiteko erraztasuna.

Informazio gehiagorako:
943 816 699
hezkuntza@uema.eus
uema.eus