Ontzi arinak eta papera biltzeko poltsak astelehenetik aurrera eskatu ahal izango dira

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 21a, 10:00

Martxoaren 1etik aurrera ontzi arinak eta papera biltzeko poltsa bereziak banatuko ditu Udalak. Eskatu ordea, bihartik aurrera eskatu ahal izango dira poltsak Atez Ateko bulegora idatziz edo deituz. 

Covid19-ak dena zaildu duenez, poltsa hauen banaketa berezia izango da. Otsailaren 22tik aurrera eskatu ahal izango dira, Atez Ateko bulegora deituz edo e-posta idatziz. Eta banatu, martxoaren 1etik aurrera banatuko dira poltsak. 

 

"Hondakin guztiak zintzilik, eta ez lurrean"

Joxe Mari Iribar ingurumen zinegotziaren esanetan, “denbora luzean hainbat buruhauste eman dizkigun kontu bat gainditzeko balio ahal izango dute poltsa hauek: hondakin guztiak zintzilik jartzea nork bere zintzilikailuan, eta ez lurrean. Lurrean utzita, euria edo haizea egiten duen egunetan hondakinak sakabanatu egiten dira, eta bilketa eraginkorra izatea zailtzen du”.

Ibon Goikoetxea ingurumen teknikariak poltsen ezaugarriak azaldu ditu. "Poltsen kirtenak desberdinak dira: bata luzea, eta bestea motza. Lehenengo, kirten motza sartu behar da zintzilikailuan, eta, ondoren, luzea: hala, poltsa zuzen eta ondo lotuta gelditzen da, bilketarako egoki eta bizilagunen espazioa errespetatuz. Izan ere, ohikoa izaten da aldameneko edo inguruko zintzilikailuetako bizilagunei traba egitea, eta poltsa hauek propio diseinatu dituzte trabarik gabe jartzeko zein lurrean ez utzi behar izateko". Usurbil 0.0.ren irudia eta identifikazio txartelak kanpoko aldean gelditu behar dute.

Poltsek 34 litroko edukiera dute (ohiko zabor poltsak 30 litrokoak izaten dira) eta berrerabilgarriak dira: etxean garbi daitezke eskuz zein garbigailuan.

 

Poltsak eskatu egin behar dira 

Etxebizitza bakoitzari ontzi arinak eta papera biltzeko poltsa bana banatuko zaio. Horretarako, lehenengo, eskatu egin behar dira, otsailaren 22tik aurrera, 900 776 776 telefonora deituta, Whatsapp mezu bat bidaliz 606 501 024 zenbakira, edo atezate@usurbil.eus helbidera idatzita. Martxoaren 1ean hasiko dira banaketa egiten.

Behin eskatuta, "nork bere zintzilikailuan aurkituko ditu poltsak, bere identifikazio txartel eta guzti”, azaldu du Ibon Goikoetxea ingurumen teknikariak. Astean behin egingo dute banaketa, astelehenetan, aurreko aste osoan jasotako eskaerei erantzunez.