Koronabirusa

Bihartik aurrera Eskola Kirola eta Zirimara martxan izango dira berriro

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 16a, 14:12

Intzidentzia tasa 475’59ra jaitsi zen asteburuan eta datu honi esker, Usurbil eremu gorritik atera da. Eskola Kirola eta Zirimara martxan izango dira bihartik aurrera, astebetez etenda egon eta gero.

Gorabeheratsua izaten ari da ikasturtea. Ikastetxe barruan zein ikastetxe kanpoan. Eskola Kirola eta Zirimara zerbitzua dira honen adierazgarri. Otsailaren 8an euren jarduera eten egin behar izan zuten.  Ohar bidez jakinarazi zuten. “Gaur argitaratu dituzten datuak direla eta, Usurbil eremu gorrian sartu da. Egoera hau dela eta, Eusko Jaurlaritzak ebazpena atera du eta murrizketak sartuko dira indarrean Usurbilen, bihartik aurrera (otsailaren 9an). Bertan behera gelditzen dira Eskola Kiroleko jarduerak eta Zirimara; egoera  aldatu arte edo araudi berriak baimendu arte. Etenaldi laburra izango dela espero dezagun. Animo eta zaindu”. Zuzen zebiltzan. Astebeteko epean eremu laranjara itzuli baita Usurbil. Gaztetxoak Eskola Kirolan jarduteko aukera berreskuratu dute, Zirimarako eskaintzaz gozatzeko aukera berreskuratzearekin batera.

Gaur jai eguna dutenez, bihar hasiko dira berriro Eskola Kirola eta Zirimara

Federatuak

Aldi berean, intzidentzia tasa 500etik beherakoa bada, mugakideak ez diren herrietara ere mugi daiteke kirola egitera federatu eta profesionalen entrenamenduetarako zein programatutako ikastaroetara joateko.

 

Mugakide diren udalerrietara joateko aukera dago orain

Iñigo Urkullu lehendakariak otsailaren 12ko agerraldian jakinarazi zuenez, indarrean dagoen dekretua beste 20 egunez luzatu da.  Eta horrekin batera, otsailaren 15etik aurrera bi salbuespen hauek onartuko zirela aurreratu zuen:

- Mugakide diren ohiko udalerrien arteko mugikortasuna baimenduko da, aire zabaleko gizarte-, ekonomia- eta kirol-jarduerak egiteko.

- Zehaztasun handiagoz definitzen dira udalerrien arteko mugikortasuna baimentzeko  kasuak: lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak; eta 500 baino intzidentzia-tasa txikiagoa duten udalerrien arteko mugikortasuna kirol federatuko lehiaketa eta entrenamenduetarako, Eskola Kirola-ko entrenamenduetarako eta gimnasio, klub edo kiroldegietan programatutako ikastaro edo jardueretarako. Aste honetan, hain juxtu, eremu laranjara itzuli da Usurbilgo herria.