Emisio-partikulak etengabe neurtzeko eskatu dio Udalak Ucini

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 17a, 13:27

Udalak jarduera lizentzia eguneratu dio Ucini. Eta lizentzia berrituan, Jaurlaritzak baino neurri zorrotzagoak ezarri dizkiola dio Udalak. "Aurrerantzean hainbat parametro modu jarraituan neurtzeko eskatu diote enpresari". Orain arte, urtean zehar neurketa puntualak egiteko derrigortasuna baino ez zuen. “Guk dakigula, enpresa bati halakorik eskatu dion EAEko udal bakarretakoa gara”.

Ez da ohikoa udal-lizentzia batek Jaurlaritzak berak emandako baimen bateratua baino neurri zorrotzagoak ezartzea. "Udalak Ucinekin egin bezala". Hala erantzun die Udalak salaketak aurkeztu dituzten herritarrei zuzendutako gutun batean. Idatzi horretan gauza gehiago ere jasotzen dira. Udalerrietako airearen kalitatearen kontrolean udalak ez direla eskumenak dituzten erakunde bakarrak. “Are gehiago, ingurumen baimen bateratua duten jarduera moten kasuan, Eusko Jaurlaritzari dagokio baimen bateratua igortzea, eta udalek aukera dute, ondotik, jarduera lizentzia egokitzeko. Usurbilgo Udalak halaxe egin du, baina, esan bezala, prozedura hori ez da ohikoa tokiko administrazioan”.

 

"Zigor espedientea indarrean dago"

Ucinen jarduna ika-mika iturri izan da azken zortzi urteotan. Denbora honetan, Udalak hirigintza arloko bi zigor espediente zabaldu dizkio. Bata 2019an eta azkena 2020ko urrian. “Labe zaharreko ke isurketak jasotzeko kanpaia handitzeko obra baimena eman zien udalak, baina, artean, baimen horretan zehaztutako baldintzak bete gabe jarraitzen du Ucinek, eta horixe izan da zigor espedienteak zabaltzeko arrazoia”.

Zigor espedientea zabaltzeaz gain, irtenbide bila dabil Udala. Teilatu zati baten itxieraren auziari behin-betiko irtenbidea eman asmoz, ingeniaritza enpresa bat kontratatu du, gai honi lotutako aholkularitza eman diezaion Udalari. “Edonola ere, zigor espedientea indarrean dago, eta bere bidea egiten ari da”.

 

Emisio-foku guztiak aztergai

Herrian aire kalitatea neurtzeko hainbat tresna daude. Batetik, Zubietako kaxkoan eta Udarregi ikastolaren ondoan EAEko aire kalitateko kabina bana dago. Biek Usurbilgo airearen jarraipena egiten dute. Biodonostia ere zeregin horretan ari da lanean, Udarregin dituen neurgailuekin. "Udalak, bere kabuz, neurketak egiten ditu aldian-adian, enpresa batzuetako ke isuriek eta usainek herritarren osasunean eraginik izan ote dezaketen jakiteko", diote udal iturriek. Honi lotuta dago Kataluniako Unibertsitate Politeknikoarekin egindako lana. “Usaina sor dezaketen konposatu organiko bolatilak ikertzeko kontratatu genituen, usainen jatorria zer izan daitekeen aztertzeko eta herritarron osasunean eraginik izan dezaketen jakiteko. Hala, 2019ko maiatzean egin zuten aipatu azterketa. Esan bezala, beraz, herrian tarteka atzematen dugun usaina ze konposatuk sortzen duten ikertzea izan zen azterketa horren xedea, baita jatorri posibleak identifikatu ere”.

Orain, Udalak eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak lan-lerro berri bat abiarazi dute. Aire kalitatearen modelizazio lanak egiten ari dira eta emaitzak laster emango dituzte aditzera. “Herriko emisio foku guztiak aintzat hartuta, modu bateratuan Usurbilgo aire kalitatean zein eragin duten ikustea ahalbidetuko du modelizazioak, baita herrian kutsadura gehien non jasaten den jakitea ere”. Udalak aditzera eman duenez, azterketaren egileak Usurbila etorriko dira herritarrei emaitzak aurkeztu eta izan ditzaketen zalantzak eta ekarpenak argitzeko.

 

"EAE osoan zortzi ikuskatzaile baino ez daude"

Udalak gaur aditzera eman duenez, 2020ko azaroaren 9an batu ziren udal ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko arduradunak. 2020ko otsailean ziren egitekoak bilera hori, baina "Zaldibar, Covid, konfinamendua, hauteskundeak eta gobernu berriaren osaketa tarteko, hamar hilabetez atzeratu zen, eta azarora arte ez digute hitzordurik eman”.

Landutako gaien artean izan zen Ucinena. Herritarrek udalean aurkeztutako salaketa guztien berri eman zitzaion Eusko Jaurlaritzari, eta bilera hartan udalak zein herritarrek gaiarekiko dituzten kezkak jarri zituzten mahai gainean. Bideoak eta argazkiak erakutsi eta herritarrek azken hilabeteetan igorritako salaketen berri ematearekin batera. “Gai honetan duten erantzukizuna onartu ziguten", diote udal iturriek, "baita emisio kontrolerako duten bitarteko-gabezia azaleratu ere. EAE osorako zortzi ikuskatzaile baino ez dituzte. Norberak atera ditzala kontuak”.

 

"Denon borondatea ezinbestekoa da"

Hori horrela, aldaketak ahalik eta azkarren eman daitezen, udala batzuekin zein besteekin dabil lanean, "kolaborazioa eta elkarlana ezinbesteko direlako". Ucinen aurkako salaketak aurkeztu dituzten herritarrei zera adierazi die Udalak: “Emisioak edota kutsadura murrizteko, ezinbestekoa da administrazioaren, enpresen eta herritarren arteko kolaborazioa, kooperazioa. Lan hauek ezin ditugu presio edo tentsioek eraginda bultzatu. Denon borondatea ezinbestekoa da, eta borondate horiek jostea da gure zeregina. Horretan dihardugu”.