Anbulantzietako langileak: “Ez gaituzte lehen lerrokotzat hartzen. Eta izan, bagara”

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 23a, 08:26

Covid-19aren aurkako txertaketa hasi zenetik hona baztertuta sentitu direla salatu du anbulantzietako langileen gehiengoak. Elkarretaratzea egin dute gaur Lakuan, ELA, LAB, UGT, CCOO, USO eta CNT sindikatuek deituta. Ekitaldia amaitu eta gero, grebarako deia zabaldu dute martxoaren 5erako.

Osakidetzaren menpe dauden anbulantzietako langileak %1 baino ez dira eta txertoa jasotzeko aukera eskaini zaie. Gainerako %99a azpikontratatua da, eta lerro hauek idazterakoan, ez zuten balizko txertaketa baterako egutegirik eskuan. Baztertuta sentitzen dira. Gipuzkoan bakarrik, 500 dira egoera horretan diren anbulantzietako langileak. Egunero birusarekin kontaktuan daude eta bigarren mailakoak balira bezala tratatzen dituztela adierazi digute Usurbilgo hiru gidari hauek. 

 

“Ez gaituzte lehen lerrokotzat hartzen. Eta izan, bagara”

NOAUA! Mobilizazioetan zaudete egunotan. Zer dela eta?

Jon Martin: Duela bi hilabete Osakidetzako langileak hasi ziren txertatzen. Lehen lerroan dabiltzanak. Ikusita denbora aurrera doala eta ez direla gurekin kontaktuan jarri, EAEko sindikatuak elkartu eta hiru mobilizazio egitea adostu genuen. Otsailaren 17an Donostian izan ginen, 18an Bilbon eta gaur Gasteizen izango gara. Txertaketa planik ez bazaigu aurkezten, grebara goaz.

Jon Orbegozo: Enpresari langile guztien zerrenda eskatu zitzaion baina momentuz ez dute ezer egin.

 

Zuen lana zertan datza?

Jon Orbegozo: Guk onkologikoko trasladoak egiten ditugu, eta errehabilitazio edota dialisietakoak...

Ruben Fernandez: Gipuzkoa osoan ibiltzen gara eta Covid-19ko altak ere garraiatzen ditugu. 

 

Birusarekin kutsatuta daudenekin kontaktu zuzena duzue hortaz.

Ruben Fernandez: Noski baietz. Hartu beharreko neurri guztiak hartzen ditugu, baina askotan pazienteen etxeetaraino sartu behar izaten dugu.

Jon Martin: Covid-en positiboak diren pazienteak ere garraiatzen ditugu. EPIa jantzita bada ere, zerbitzu hori ere egiten da.

 

Zuek ere pandemia honen lehen lerroan zaudetela aldarrikatzen duzue.

Jon Orbegozo: Hori da. Baina ez gaituzte lehen lerrokotzat hartzen. Eta gure ustez izan bagara.

Jon Martin: Gizarteari esan behar zaio Eusko Jaurlaritzak ia osasun garraio osoa pribatizatua daukala.

 

Ertzainak txertatzen hasi dira. Hori ikusita, zuei zer pasatzen zaizue burutik?

Jon Martin: Guk ez dugu beste batzuei txerto eskubidea kentzerik nahi, guri emateko gero. Gu borrokatzen ari garena da anbulantzietako teknikarien %99a lehen lerroan ari garela. Beraz, txertaketan gu ere kontuan har gaitzatela.