Gidabaimena euskaraz ateratzeak saria du Buruntzaldean

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 26a, 14:00

2020an, 87 lagunek atera zuten gidabaimena euskaraz Buruntzaldean. Azterketa modu horretara egin zuten guztien artean 9 sari zozkatu berri dituzte. Usurbilen, Mattin Aierbe Zubeldia izan da zorionekoa. 400 euro inguruko saria eskuratuko du eta atal teorikoa ateratzen gastatutako dirua berreskuratzeko balioko dio.

 

Proiektua ez da berria. Buruntzaldeko udalek duela 11 urte ekin zioten egitasmo honi. Laster, gutun bat bidaliko zaie udaletik 18 urte betetzen dituzten herritarrei: gidabaimena euskaraz ateratzeak dituen abantailen berri emango zaie, eta hala egitera animatu. Izan ere, gazte askok uda partea aprobetxatzen dute gidabaimena ateratzeko: “Beren ikasketak euskaraz egin dituzten gazteak dira, eta ezinbestekoa da helduarorako urrats garrantzitsu eta erakargarri hori euskaraz eman ahal izatea: hortik udalon inplikazioa eta autoeskolen ahalegina”, adierazi dute Buruntzaldeko udaletxeetako ordezkariek.