EAJ-PNV: “Haraneko harmailak eta eserleku egokiak jartzea epe motzean egin daiteke”

Noaua Aldizkaria 2021ko mar. 3a, 08:39

Foru Funtsaren likidazioarekin, Usurbilek urrian aurreikusitakoa baino 257.318 euro gehiago jasoko ditu Gipuzkoako Foru Aldunditik. “Albiste on honen aurrean, kopuru hau EAJren udal taldeak aurtengo aurrekontuetarako aurkeztu zituen proposamenak martxan jartzeko erabiltzea eskatzen du, udal erregistroan aurkeztutako proposamenaren bidez”.

2020ko udal aurrekontuetan, EAJ-PNVren hiru proposamen jaso ziren baina  Covid-19arengatik ez ziren gauzatu:

  • Ugaldea industrialdearen atzetik, Kaxkotik Zubietarako bidegorria egitea.
  • Etxealdia auzoko irisgarritasunari bultzada ematea.
  • Bizikidetza/Memoria lantzeko ekimenak gauzatzea.

Hauez gain, EAJk  beste hainbat proposamen berri aurkeztu zituen, 2021eko udal aurrekontuan jasoak izan zitezen:

  • Banda Zabala landa eremuetan bermatzea.
  • Etxealdiako zubia luzatzea.
  • Harane futbol zelairako harmailak eta parke zein pasealekuetan eserleku egokiak jartzen hastea.

Alderdi jeltzaleak gogora ekarri nahi duenez, “171.000 euroko kopurua da orotara, sei partidetan banaturik. Oraindik ere bideratu daitezkenak. Foru Funtsaren kopurua baliatuz. Horretarako borondate politikoa balego”, EAJk udaletxean duen lan-taldeak adierazi duenez.

Harane futbol zelaiko harmailak eta pasealekuetan eserleku egokiak jartzea epe motzean betetzekoak direla deritzo.

 

“Haranen harmailak jartzen hasteko ez dago aitzakiarik”

“Covid-19ak garbi adierazi digu kurtso berrian ikuslegoa Harane zelaira bertaratzeko arazoak izan direla, eserlekurik ez dagoelako”. Hau konpontzeko, beharrezkoa den proiektua idatzi eta gauzatzea eskatu du EAJk, “Foru Funtsaren kopuruaren zati bat horretara bideratuz”.

 

Eserleku egokiak denontzat

Herriko parke eta pasealekuetan jarri diren eserleku berriak egungo estetika modernoari lotuta daudela dio EAJk. “Eserleku hauetako batzuk ordea, ez diote adineko pertsonek edota mugikortasun arazoak dituzten beharrei erantzuten; ez dutelako ez bizkarralderik, ez besoentzako euskarririk”. Horregatik, estetika hutseko eserlekuak baino lehentasun handiagoa izan behar dute eserleku egokiak edukitzea, “bai esertzeko unean eta bai altxatzerakoan”.

Hau zuzentzeko, EAJk 6.000 euroko partida bat gordetzea proposatu du, “eta hau ere gauzatu daiteke aurten, ahal bada uda aurretik, Foru Funtsa erabiliz”.