Hitanoa indartzeko ikastaro bat egingo da apirilean

Noaua Aldizkaria 2021ko mar. 10a, 13:16

Nokaren ezagutza eta erabilera bultzatzeko ikastaroak antolatu dituzte, elkarlanean, udalak eta Etumeta euskaltegiak, 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta.

Ordu eta erdiko sei saio praktiko izango dira, eta bi talde osatzeko aukera izango da: ostegun arratsaldeetakoa (18:00etatik aurrera) eta larunbat goizetakoa (10:00etatik aurrera). Apirilaren 15ean eta 17an hasiko dira ikastarook, Potxoenean, eta Etumeta euskaltegiko irakasle Rosa Zubeldiak gidatuko ditu. Doaneko ikastaroa da.

Udalak prentsa-ohar bidez jakinari duenez, "ikastaroan nokari, —emakumeei zuzendutako trataera alokutiboari— emango zaio lehentasuna, baina hitanoaren oinarriak lantzea eta erabilera bultzatzea ere izango dute helburu. Izena emateko, mezua bidali behar da apirilaren 8a baino lehen itzultzailea@usurbil.eus helbidera. Oxkar Santamaria Euskara zinegotziak azaldu duenez, azken aldi luzean antzeko ikastaroa antolatzeko eskaera asko jaso dituzte udalean".

 

Apirilaren erdialdean hasiko dira ikastaroak: ordu eta erdiko sei saio praktiko izango dira, guztira. Bi talde osatuko dituzte, gehienez, hamabost lagunekoak.

 

2016an Usurbilen egin zen kale neurketak agerian utzi zuen nokaren erabilera urria. Izan ere, elkarrizketan aditutako herritarren artean 10etik 3k egin zuen hika, baina horien artean soilik %11,1 ari zen noka. Hau da, nokaren transmisioan etena gertatu da. "Gure guraso eta aiton-amonek egiten zuten hori gure belaunaldiak eta ondorengoek ez dute neurri berean jaso", diote udal iturriek.

Herri ondaretzat du udalak hitanoa, bere aldaera guztietan, eta horregatik abiatu du nokaren ezagutza eta erabilera bultzatzeko ikastaroa. Halaxe azaldu du Santamariak: “Usurbilen euskaraz bizi gara. Ez alferrik, UEMAko kide ere bagara, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide, hain zuzen ere. Harro eta pozik egoteko motiboak dira horiek denak, eta, noski, udalak ere bere egiten du horrela segi dezaten baliabideak emateko konpromisoa. Hala, erabilerari dagokionez urrats bat gehiago ematekotan gara oraingoan. Hitanoa indartzeko ikastaroa antolatu dugu AEKrekin batera; hitanoa oro har, baina bereziki noka, hau da, emakumeekin egiten den hizkuntza alokutiboa piztu nahi dugu”.

Aurrerantzean Usurbilgo euskararen corpusa lantzeko egin nahi dituen egitasmoetan aurrenekoa izango da. Izatez, ikastaroak harrera ona badu, irailean segida emateko asmoa dutela aurreratu dute. “Eta, akaso, ortzimugan, hikaldi moduko egun bat jar dezakegu, herri mailako dinamika bihur dadin”.

Argazkia: Udala.