Korrikari gorazarre egingo zaio martxoaren 28an

Noaua Aldizkaria 2021ko mar. 18a, 09:24

Asteotan, petoak banatzen, ibilbideko kilometroak seinaleztatzen ikusiko genituen, herria euskararen aldeko lasterketa jendetsuenerako prestatzen. Euskal Herrian errotuak ditugun gainerako beste hainbat ekimenen antzera ordea, pandemiak hilabete honetako bigarren hamabostaldian ospatzekoa zen 22. Korrika geldiarazi du. Antolakuntzak bi urteroko hitzordua 2022ra atzeratzea erabakia du, baina euskararen aldeko martxa ezaguna aurten egitekoa zela ahaztu gabe.

 

Izatez martxoaren 28an helduko zen 22. Korrika ezagutzera eman ez den Euskal Herriko hiribururen bateko helmugara. Dakizuenez, azken metroak emozio handikoak izan ohi dira. Aurreko hamar egunetan 24 orduz herriz herri, eskuz esku ibilitako lekukoak ezkutuan daraman mezua irakurtzen du pertsona esanguratsu batek, musikaz giroturiko amaierako jaialdi jendetsuan.

 

MARTXOAREN 28AN

“AEK-k ekitaldiak iragarri ditu euskaltegiak dituen herrietan. Usurbilen, eguerdiko 12:00etan egingo da frontoian”

 

Amaiera ekitaldi horri heldu nahi izan dio AEK-k eta egungo osasun krisialdira egokituriko ekitaldiak antolatu ditu euskaltegiak dituen Euskal Herriko herrietan, aipatu hitzordua ospatuko zen martxoko azken igandean, hilaren 28an, omenaldi gisara. Usurbilen ere bai. Etumeta AEK euskaltegikoak prestaketa lan betean dira. Herrietako ekitaldi guztiak eguerdiko 12:00etan hasiko dira, antzeko formatuan ospatuko dira eta iraupen beretsua izango dute. Formatu erraldoidun jaialdiak izan ohi dituen osagai hainbat izango ditu Usurbilgo frontoian egitekoa den ekitaldiak; tartean, ez omen da faltako Korrikaren lekukoak gordean eraman ohi duen mezuaren irakurketa.

Ekarpenak jasotzeko aukera zabalik du Etumeta AEK euskaltegiak. Hitzordurako proposamenik duenak bideotatik jar daiteke harremanetan antolatzaileekin:

  • 607 609 379
  • usurbil@aek.eus

 

Katiluak

Udazkenean Nafarroa hegoaldeko euskalgintza eta tokiko produktuen salmenta sustatu ohi dituen Errigorak hiru kaxa jarri zituen salgai; kaxetako bat erosita, berez hilabete honetan ospatzekoa zen Korrikaren katilua eskura zitekeen. Katiluak salgai dituzue orain Etumeta AEK euskaltegian, 5 euroren truke. Helburu argiarekin; euskararen aldeko lasterketa laguntzea.

 

Taldeak erdibitu beharrean

Pandemiak baldintzaturiko 2020-21 ikasturtearen bigarren zati betean dira euskaltegian. Inoiz ezagutu ez dugun osasun krisialdiagatik “nahiko ikasturte desastrosoa” izango zela aurreikusten zuten Etumeta AEK-n. Baina ez, “eutsi egin diogu”, adierazi diote NOAUA!ri. Autoikaskuntzan, azterketen prestakuntzan, nahiz euskalduntzeko ahaleginean ari dira hainbat lagun aurten ere, hori bai, ezohiko testuinguru honen harira ezarri diren neurrietara egokituta. “Bitan banatu behar izan dugu taldea. Bi klase aurrez aurre eskaintzen ditugu eta beste bi etxetik”.

Lehen gutxienez zazpiko taldeak osatu behar zituzten, orain gehienez seikoak izan behar dute, irakaslea barne dela. “Zati bi egin behar da, oso talde txikiak geratzen dira”, azaldu digute euskaltegikoek. Moldaketok eraginik izaten ari da haien jardunean. Egun ikasten dabiltzanen artean agian ez hainbeste, baina helduagoak diren ikasleen artean edota ikasketak aspaldi atzean utziak dituztenen kasuan, “formatu honek ikasketa prozesua mantsotu duela” diote Etumeta AEK-koek.

 

Mintzalagun

Euskararen erabilera sustatzeko euskaltegiak, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak 2010ean abiarazitako proiektuak ere bere bidetik segitzen du. Covid-19ak eragindako pandemiara egokitutako neurrien artean. Osasun krisialdiak eraginda, izan da ekimenean parte hartzeari utzi dion kiderik edota online formatura, Mintzaneterako jauzia egin duenik ere.

Gehienek ordea orain arteko bidea jorratzen segitzea erabaki dute. “Nahi duenarentzat izen-emateko epea zabalik dago urte osoan”, gogorarazi dute Etumeta AEK euskaltegitik.

Bidelari eta bidelagunak, euskara ikasten aritu edota dakitenak behar ditu Mintzalagunek. Izena emanda, taldea osatzeko lanak euskaltegiak bideratuko ditu.