Mattin Aierbe Zubeldia: “Erabaki koherente eta zentzuduna hartu nahi nuen”

Erredakzioa 2021ko mar. 19a, 09:05

Mattin Aierbe Zubeldia saritu berri dute gidabaimeneko teorikoa euskaraz ateratzeagatik. Badira zenbait urte Buruntzaldeko udalerriek ekimena martxan dutela, eskualdea osatzen duten herri bakoitzeko 400 euroko saria banatzeko herriko autoeskolen artean; urtero azterketa teorikoa euskaraz ateratzeko aukera ematen dutenen artean. 

NOAUA! 18 urte baino gehiago dituzu. Zergatik erabaki duzu orain ateratzea gidabaimena?

Mattin Aierbe: Nire poltsikotik ordaindu dut, eta beraz, kopuru polit bat osatu arte ezin nuen hasi. Lehenago ez dut aukerarik izan, eta tira, 400 euroak oso ondo etorriko zaizkit.

 

Saria zertarako erabiliko duzun pentsatu duzu?

Egin esan oraindik ez dizkiot buelta gehiegi eman kontu horri. Alokairua ordaintzeko erabiliko dudala pentsatzen dut edo parranda txikiren bat egiteko. Dena delakorako ere ondo etorriko da dudarik gabe.

 

Nolatan euskaraz?

Ez dakit esaten. Euskaraz bizi naiz eta euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen dut nire bizitzako aspektu guztietan. Hori bermatzeko eskaera egin beharra dago, zenbait gauza  aldatuko badira, eta behin egonda horrelako aukera bat, kontsumitu beharra daukagu. Erabaki koherente eta zentzuduna hartu nahi nuen; euskaraz bizi banaiz, gisa honetako gauzak ere euskaraz egin behar ditut. Zentzu horretan, eskolan euskaraz ikastea eta egin beharreko guztiak euskaraz egitea iruditzen zait zentzuzkoena.

 

MATTIN AIERBE

“Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen dut nire bizitzako aspektu guztietan”

 

Batzuek diote euskarazko azterketa nahiko zaila dela.

Esan beharra dago azterketa ez dagoela oso ondo eginda. Itzulpenak nahiko traketsak dira, bai azterketa prestatzeko egiten diren testetan, eta zer esanik ez azterketan bertan. Niri pare bat galdera egokitu zitzaizkidan azterketan ulertu ere egiten ez zirenak. Intuizioz erantzun behar izan nituen ia. Hori horrela izatea lotsagarria da, ez dira baldintza berak euskaraz eta gazteleraz egiten dituztenentzat. Azterketan bertan ere, ordenagailuan azterketa euskaraz jartzen dute, baina bertan dagoen ardurandunak ez daki euskaraz, orduan, alfer-alferrik galdetuko diozu edozer. Arazoren bat baldin badaukazu gazteleraz galdetu beharra dago. Bermerik ez dago, eta berme horiek emateko gogorik ere ez. Gainontzekoan, euskaraz edo gazteleraz egin, berdin berdina da.

 

“Uste dut gazteleraz ikastea zailago egingo zitzaidala”

NOAUA! Jada praktikoa ere atera duzu?

Mattin Aierbe: Bai. Praktikoa, ordea, ezin da euskaraz egin. Asko landu beharreko kontua da, eta pentsatzen dut eskumen kontua ere izango dela. Teorikoa euskaraz egin, baina gero praktikoa euskaraz egin ezin izatea ez da oso logikoa inondik ere. Euskaraz ikasteko eskubidea daukagu, eta euskara hizkuntza ofiziala denez DGTk ere arau horiek bete beharko dituela iruditzen zait eta horregatik jarriko zutela neurri handi batean teorikoa euskaraz egiteko aukera, bai eta jendearen eskaeragatik ere. Ez da oso ulergarria teoria euskaraz eginda praktikoa gazteleraz egin beharra, baina halaxe dira gauzak.

 

Izango duzu aholkuren bat gidabaimena, zu bezala, euskaraz ateratzea buruan darabilkienarentzat.

Ez da beste munduko gauza. Azkenean, zerotik hasten zara ikasten eta beraz, dagoenera ondo moldatzen zara. Beti egiten zaizkizu ezagunago “ceda el paso” eta horrelako hitzak, baina behin ikasi behar dituzun gauzak izanda, eta zu berez euskalduna izanda, ez dauka inolako zailtasunik. Gainera, nik uste gazteleraz ikastea zailago egingo zitzaidala. Azkenean erabakia hartu eta jarraitzea baino ez da. Nik inguruan baditut lagunak gazteleraz atera dutenak, eta bi erabakiak dira zilegi. Nik nahiago euskaraz ateratzeagatik behin kale egin azterketan, lehenengoan gazteleraz ateratzea baino. DGTri eskatu nahi badiogu azterketa praktikoa euskaraz egiteko aukera emateko, zifrak hor daude eta zenbat eta gehiago izan euskaraz animatzen direnak, presioa ere handiagoa da.

Ez hori bakarrik, gainera saria irabazteko aukera dago, eta dirutxo hori ez da inoiz gaizki etortzen.