Usurbilgo bandera Sevillako finalean izango da

Noaua Aldizkaria 2021ko mar. 26a, 13:07

Futbolzaleok ondo gogoan dute: Reala eta Athleticen arteko Kopako finala apirilaren 3an jokatuko da Sevillan. Talde txuri-urdinaren autobusa herriz herri dabil egunotan, udalerrietako banderak jasotzen. Asteartean Usurbilgoa jaso zuten. Sevillako La Cartuja estadioan ipiniko dute, Gipuzkoako gainontzeko herrietako armarriekin batera.

Joseba Ibarburu Realeko zuzendaritzako kontseilaria eta Mitxel Loinaz jokalari ohia etorri ziren autobusean, eta Usurbilgo Udalaren izenean Beñat Larrañaga zinegotziak egin zien harrera. Argazkian ikus daitekeen moduan, Realaren bandera jaso zuen Larrañagak eta, trukean, Usurbilgo armarria daraman bandera eraman zuten Realeko ordezkariek.

 

Herriz herri

Real Sociedadeko ordezkaritza bat herriz herri dabil egunotan. Herrietako armarri guztiak Sevillako La Cartuja futbol zelaira eramango dituzte eta Athleticen aurkako finalean gradetan eskegita izango dira.