TURISMOA

Atxega jauregia: “Ziurgabetasun batean bizi gara”

Noaua Aldizkaria 2021ko mar. 29a, 08:33

Itxiera perimetrala ezabatu zenetik, hotela bete egin zaie asteburuetan. "Aste Santurako aurreikuspenak onak dira", adierazi digute Atxega hotelekoek. Dena den, ziurgabetasuna nagusi dela diote. "Egoera ez da lanerako errazena".

NOAUA! Urtebete pasa da konfinamendua ezarri zutenetik. Pandemiak zer nolako eragina izan du zuen hotelaren jardunean?

Eva, Atxega hotela: Guk zortea izan genuen, hotela ez genuelako urte osoan itxi. Pandemia heldu zenean, Cantabriako enpresa batekin geunden  eta funtsezko jarduera gisa jarduteko baimena zuten. Horri esker, oinarrizko zerbitzuetarako hotel gisa izendatu gintuzten. Astean zehar hotela zabalik izan genuen baina asteburuetan itxi egin behar izaten genuen.

Uda hasieran, gauzak hobetzen hasi zirenean, asteburuetan zabaltzeko aukera izan genuen.

 

Lan munduko bezeroari eutsi zenioten baina aisialdikoa galdu zenuten, ezta?

Hori da.

 

ATXEGA HOTELA

“Azken bi asteburuetan hotela beteta izan dugu”

 

Ostalaritzan eta beste arlo askotan laguntza instituzionalak iragarri dituzte. Zuen sektorean egin al da antzeko deialdirik?

Orain hilabete laguntza deialdi bat egin zuten. Egin genuen eskaera baina oraindik ez dugu baieztapenik jaso. Bestetik, ni eta nire lankidea autonomoak gara eta 2019an baino gutxiago fakturatzen baduzu kuotaren zati bat itzultzen dizute. Laguntza hori jasotzen ari gara.

 

Herrietako itxiera perimetralak ezabatu dituzte eta orain EAEn barrena ibili gaitezke. Erreserba kopuruan igarriko zenuten, ezta?

Bai. Martxoaren 12ko asteburuan hotela beteta izan genuen. San Jose eguneko asteburua ere beteta egon da eta Aste Santurako aurreikuspenak onak dira.

 

Gauzak ez badira okertzen, hotela beteta izango duzue. Pozgarria izango da.

Pozgarria da baina ea zer gertatzen den... Ziurgabetasun batean bizi gara. Kutsatze mailak gora egiten badu, berriro itxialdia etorriko den beldur gara. Egoera ez da lanerako erraza.