EROskopoa

Apirileko EROskopoa hemen da

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 1a, 07:56

Puntapaxeko sorginak garaiz bidali ditu hilabete honetako iragarpenak. Hauek dituzue apirilari begira idatzita utzi dituen aholkuak. Ea asmatzen duen oraingoan!

ARIES

Zure urtebetetzea bigarren urtez pandemia garaian ospatu beharko duzu. Hileko aholkua: Aurten behintzat kalera ateratzeko aukera izango duzu… edo ez? Badaezpada ere, bizkotxoa egiteko osagaiak erosi.

 

 

TAURUS

“Usurbildarrek daukate, sagardo alkate...” dio kantuak, eta guztiz bat egiten duzu berarekin. Hileko aholkua: Sagardogintzagatik egiten/edaten duzun guztia eskertu beharko lizuke Udalak.

 

 

GEMINI

Pandemia honek pertsona hobea egin zaitu azken urtebete honetan. Hileko gomendioa: Kalean maskarillarekin inor ezagutzen ez duzunez, denei kasu egiten diezu. Jarraitu horrela!

 

 

CANCER

Azken urtea gurutz-bidea izaten ari da zuretzat eta plan berriak egiteko premia larria duzu. Hileko aholkua: Prozesio-garaia aprobetxatu eta egin turismo erlijiosoa. Eliza faltagatik ez da izango!

 

 

LEO

Apirilean maitasun kontuak zure alde izango dituzu, baina ligatze-teknikak berritu beharko dituzu. Hileko aholkua: Pentsatu duzu Tinderren sartzea? Ez, ez da txokolatezko arrautza...

 

 

VIRGO

Ilusioz zaude udaberriko oporren zain, askatasun egarriz zaude eta. Hileko aholkua: Badaezpada ere gainean kantinplora eraman, beharbada Oria ingurutik ezingo dugu urrundu eta!

 

 

LIBRA

Zeharo makalduta zabiltza pandemia garai honetan, eta beharrezkoa duzu bizitza soziala berreskuratzea. Hileko aholkua: Mesedez, kalera atera eta ez pasa beste arratsalde bat labeari begira bizkotxoa noiz igoko den zain!

 

 

SCORPIUS

Zure bihotzeko azukre koxkorra EAEtik kanpo bizi da eta faltan izugarri botatzen duzu ezin duzulako berarekin egon. Hileko aholkua: Mugalari bat kontratatu beharko zenuke (begiratu iragarkien atalean).

 

 

SAGITARIUS

Udaberriko loreak bezala, bizipoza gainezka izango duzu hilabete honetan, eta horrek erakargarri egingo zaitu. Hileko aholkua: Argi ibili, erlamando ugari izango dituzu eta inguruan!

 

 

CAPRICORNIUS

Aste Santuko oporrak erabili nahi dituzu gauza pila bat egiteko: egun-pasak egin, lagunekin egon, irakurri, mendira joan, serieak ikusi, etxea txukundu,... Hileko aholkua: Ezer ez egitea ere gauza handia da!

 

 

AQUARIUS

Maiteminduta zaude baina ez dakizu nola adierazi zure kuttunari. Maitasun keinu handi bat egin behar duzu. Hileko aholkua: Afaltzera gonbidatu eta utziozu zure gorringoan ogia bustitzen!

 

 

PISCIS

Aspaldian lortu nahi zenuen hori lortuko duzu eta gero ez duzu jakingo zer egin. Plan bat behar duzu. Hileko aholkua: Inoiz pentsatu duzu astrologia ikastea? Eroskopo hau idazten duenak oporretara joan nahiko luke eta ordezko bila dabilelako…