ITZULIA

Itzulia Usurbildik igaroko da gaur eguerdian eta eragin zuzena izango du trafikoan

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 9a, 07:00
Tropela AƱorgatik iritsiko da 14:00ak aldera eta Orioruntz joko du.

Euskal Herriko Itzulia azken txanpan murgildu da. Gaurko etapa Usurbildik igaroko da eguerdiko 14:00ak aldera. Añorgatik iritsiko da gure artera eta Orioruntz segiko du. N-634 errepideko sartu-irteera guztiak ordu erdi lehenago itxiko dituzte. Eta zabaldu, txirrindulariak igaro eta ordu erdira. Ertzaintza eta udaltzaingoa arduratuko dira bide segurtasunaz. 

Apirilak 9 ostirala, 5. etapa. Hondarribia-Ondarroa

  • Etaparen kilometroak guztira: 160.2 km.
  • Irteera ordua: 13:29h Hondarribitik, Beko Errotako sarrera paretik (GI-636).
  • Ibilbidea: Hondarribia – Errenteria – Pasaia – Donostia – Añorga – Aginaga – Orio – Zarautz – Zumaia – Itziar – Deba – Mutriku – Saturraran – Mendexako mendatea – Ziortza-Bolibar – Markina – Etxebarria – Elgoibar – Mendaro - Ondarroa (Helmuga).
  • Iristeko aurreikusitako ordua: 17:18h.
  • Eraginak trafikoan: Taldeen kontzentrazioa, sinadura eta aurkezpena 11:39tik 12:54ra egingo da. Irteteko deia 12:59an (benetako irteera 13:29an).

 

Etenak trafikoan

Trafiko-etenak (nagusiki N-634, BI-638 eta BI-633)  txirrindulariak igaro baino 20 bat minutu lehenago egingo dira. Usurbilen, 14:10ean igaroko da tropela eta 13:30ak aldera itxiko dituzte N634 errepideko sartu-irteera guztiak. Tropela pasa eta gero beste 20 bat minutuz egongo da itxita errepidea. Beraz, 13:30ak hasi eta 14:40 bitartean ezingo da N634 errepidean ibili.

Herritarrek 011 telefono-zenbakiaren bidez eskuratu ahal izango dute trafikoaren eraginari eta “Itzulia Basque Country 2021” txirrindularitza probaren ordutegiari buruzko informazio eguneratua. 

 

Itzuliaz etxetik gozatzeko deia

COVID-19ari aurre egiteko neurriak tarteko, “Itzulia Basque Country 2021” berezia izango da. "Parte-hartzaileen eta jendearen osasunak du lehentasun osoa, eta Ertzaintzak, beraz, zaleei eskatzen die etxetik gozatzeko ospe handiko txirrindulariak elkartuko dituen probaz", antolaketa batzordeak aditzera eman duenez.  Antolatzaileek ere bat egin dute mezu horrekin, eta zaleei gogorarazi diete iritsiko dela errepidera berriz irteteko unea, baina oraingoan arduraz jokatu behar dela.