9. Dantza Eguna

"Zorotan Bele" ikuskizunerako eta Tranpaldo Irekirako izen emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 22a, 08:53

Dantza batean datorkigu asteburua Orbeldi D.T.-koen eskutik. Larunbaterako iragarri dituzten hitzorduetarako izena aurrez emateko azken eguna duzue ostegun hau (apirilak 22), usurbilkultura.eus atarian. Hain zuzen, hilaren 24an taularatuko baitute herriko dantzariek azken hilabeteotan ontzen aritu diren herri ikuskizuna. Aurretik Tranpaldo Irekia iragarri dute Artzabalgo frontoian. Hemen duzue 9. Dantza Egunaren bueltan iragarri dituzten ekitaldiak.

9. DANTZA EGUNA
Apirilak 23, ostirala
19:00 "Euskal Dantzak eta generoa" hitzaldia Sutegin.
Edukiera: 78 lagun.
Hizlaria: Oier Araolaza.
Izen ematea: apirilaren 21era arte doan, usurbilkultura.eus atarian.
Xehetasunak: "Oier Araolaza dantzaria da. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen da batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi zuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten du lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.

"Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan" bere doktorego tesia oinarritzat hartuta, hitzaldia eskainiko digu.

Euskal dantzan genero-bereizketa auzitan jarri nahi izan du Araolazak bere doktore tesian. Ehun urtez euskal dantzak genero ardatzaren arabera sailkatuta erakutsi dira: nesken dantzak batetik eta gizonen dantzak bestetik. Baina emakumeen eta gizonen dantzak, janzkerak eta dantzakerak bereizten dituen marra hori ez da dantzaren historiaren aro guztietan berdina izan".

Apirilak 24, larunbata
16:30 Tranpaldo irekia Artzabalgo frontoian.
Edukiera: 60 lagun.
Izen ematea: parte hartzaileentzako itxita, ikusleentzako zabalik apirilaren 22ra arte, usurbilkultura.eus atarian.
Xehetasunak: "Ekintza honen bidez dantza egiteko aukera herritar orori zabaldu nahi diogu. Gehienez 6 pertsonako taldetan parte hartu ahal izango da, eta edozein estilotan oholtzara igo eta dantzatzeko aukera izango da".

19:30 "Zorotan Bele" ikuskizuna Oiardo Kiroldegian.
Edukiera: 125 lagun.
Izen ematea: doan, apirilaren 22ra arte, usurbilkultura.eus atarian.
Xehetasunak: "Orbeldi Dantza Taldearen urteroko zita garrantzitsuenetakoa da Dantza Eguna borobiltzeko sortzen duen ikuskizuna. Herriko musikarien laguntzaz, Sorotan Bele talde ezagunaren musika oinarritzat hartuta gure zorokeria 9. ediziora iritsi dela eta 50. minutu inguruz dantzaz gozatzeko aukera emango diogu kiroldegira gerturatzen denari".

Apirilak 25, igandea
18:00 "Mutu" dantza ikuskizun profesionala Sutegiko auditorioan.
Edukiera: 78 lagun.
Izen ematea: 5 eurotan apirilaren 25era arte, usurbilkultura.eus atarian.
Xehetasunak: "Zenbait unetan hitzak soberan daude, zenbait gertaerek hitzik gabe uzten gaituzte, eta, beste zenbaitetan ez dago zer esanik..." MUTU komunikazioko hiru atal edo espazio eszenaratzeko saiakera da, non isiltasunak hitzaren esanahi osoa hartzen duen. Erlazio pertsonalek jasaten dituzten eraldaketen isla da. Giza-erlazio zuzenen gainbeheraren irudia. Myriam Perez Cazabon 2004az geroztik dabil dantza arloan sortzaile, interprete eta irakasle lanetan".

Antolatzailea: Orbeldi Dantza Taldea.