Liburuaren Eguna

"Egunero izan dadila Liburuaren Eguna"

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 23a, 07:46

Apirilak 23 ditu ostiral honek, Liburuaren Eguna da gaurkoa. Baina gaurkoa, egunerokoa bilakatzeko desioa agertu du Usurbilgo Udalaren Euskara Sailetik jaso eta albiste honi atxiki diogun bideoak. "Egunero izan dadila liburuaren eguna", hortxe plazaratu duten desioa eta horretarako, Euskal Herriko 120 bat udal eta mankomunitateetako Euskara Zerbitzuek elkarlanean herritarron eskuragarri jarritako Euskarazko Produktuen Katalogoa baliatzeko gonbita luzatzen digute.

Iragan azaroan plazaratu zuten Euskarazko Produktuen Katalogoa, bere 22garren edizioarekin; eta urtero bezala, euskarazko ehunka produktu gomendatzen dizkie, 0-12 urteko haurrei eta 12-16 urteko gazteei. Interneten, katalogoa.eus atarian, are zabalagoa da eskaintza: 10.000 produktu baino gehiago daude ikusgai, etengabe eguneratuta. 

70.000 ale inguru banatu zituzten, eskola, liburudenda eta liburutegietan. Eta ohi bezala, bere orrialdeetan topatu ditzakete haur eta gazteek, euskarazko ehunka produktu, aisialdirako. Guztiak kalitatezkoak, izan urtetik urtera interesgarri suertatzen direnak, edota urteko nobedadeak: liburuak, ipuinak, jostailu eta jokoak, musika, aldizkariak, komikiak, filmak, aplikazioak, gurasoentzako materiala...

Eskaintza hori, baina, askoz ere zabalagoa da Interneteko euskarrian, katalogoa.eus atarian. Bertan, euskarazko 10.000 produktu baino gehiago aurkituko dituzte bisitariek, etengabe eguneratutako Katalogoan. Bi atal ezberdin ditu: haurrena (0-12 urte) eta gazteena (6-12 urte).

Bai papereko edizioak, eta baita Internetekoak ere, bi atal ezberdin dituzte, bi adin tarteri eskainitakoak. Haurrentzako osatu dute horietako bat, 0-12 urte bitartekoentzat; eta gazteentzako produktuak jasotzen ditu besteak, 12-16 urtekoentzat.

Webgunean, nahikoa da talde bakoitzari dagokion atalean sartzea, horiei bereziki zuzendutako milaka produktu ikusteko, oso modu errazean.

Paperean, berriz, bi alde ditu Katalogoak; eta baita bi azal ere, adin tarte bakoitzeko bat. Horrela, Katalogoa alde batetik hartzen badugu, ikusiko ditugu 0-12 urteko haurrentzako produktuak, eta gurasoentzako materialak; eta buelta emanez gero, 12-16 urtekoei zuzendutako produktu bilduma izango dugu esku artean. Horrela, produktuen bilaketa nabarmen erraztu diete erabiltzaileei, eta nortasun propioa hartzen du adin tarte bakoitzak.

Euskarazko produktu berrienak, klik bakar batera
Produktu interesgarrienen aukeraketa eskaintzen du papereko edizioak, baina euskarazko produktuak kontsumitzeko urteko edozein egun denez ona, unean uneko nobedade guztiak ere jartzen ditu bisitarien eskura Katalogoak, urteko edozein garai dela ere, interneteko edizioan. Izan ere, maiztasunez eguneratzen da sareko Katalogoa, argitaletxeek eurek elikatzen baitute: urtean zehar kaleratzen dituzten produktuak, labetik atera berritan gehitzen dituzte Katalogoan; eta deskatalogatu direnak, berriz, kendu egiten dituzte. Hori horrela, etengabe ari da hazten katalogoa.eus.

Gainera, produktu gehiago bildu ez ezik, produktuei buruzko xehetasun gehiago ere jasotzen ditu Katalogoak, Interneteko edizioan.

Euskarazko Produktuen Katalogoa esku artean izan ez duenak, gainera, interneten bertan deskargatu dezake, PDF formatuan, adituek egindako aukeraketa ikusteko.

Buletinera harpidetzeko aukera
Webgunean bertan, nobedadeei eskainitako atala ere badauka Katalogoak, gehitu diren azkeneko produktuak aditzera ematen dituena. Baina horrez gain, nobedadeen berri emateko beste zerbitzu bat ere eskaintzen du Katalogoak: buletinera harpidetza. Doakoa da, eta katalogoa.eus webgunean bertan dago txoko bat, harpidetza egiteko. Horretarako, nahikoa da izena eta helbide elektronikoa ematea; eta hortik aurrera, hilero jasoko dugu buletina gure posta elektronikoan, hilabeteko nobedadeetako batzuen berri emanez.

Webgunea eta buletina ez ezik, beste bide bat ere badauka Euskarazko Produktuen Katalogoak, nobedadeen berri eman eta produktuak gomendatzeko: Facebooken daukate orrialdea, Euskarazko Produktuen Katalogoa izena duena.