Zumeta gogoan

Zumeta eta Liburuaren Eguna gogoan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 23a, 07:51

Oroitzapen egun bikoitzak gurutzatzen du iaztik apirilaren 23a; ostiral hau Liburuaren Eguna baita. Eta Jose Luis Zumeta hil zeneko lehen urteurrena. Biak oroitzen ari da gaur Sutegi udal liburutegia.

Apirilak 23, egun seinalatua Sutegi udal liburutegian. Liburuaren Eguna baita ostiral hau. Irakurzaletasunaz gozatzeko ospakizun egun honekin batera, oroimenerako eguna baita, duela urtebete zendu baitzen Jose Luis Zumeta. Sutegi udal liburutegiak ondoko irudia plazaratuta, erakusketa osatu du kultur etxeko aretoan; "Jose Luis Zumeta, agur eta kolore (1939-2020)".

“Ipuinak Dantzan” ipuin saio musikatua
Datorren astearterako iragarri du hitzordua Sutegi udal liburutegiak, apirilaren 27rako, arratsaldeko 18:00etan kultur etxeko auditorioan. Ana Apika ariko da kontalari gisa, Intxixu Valbuenak musikatuko du, adin guztietako herritarrei zuzenduriko saioa. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, "6 urtetik beherakoek heldu batek lagunduta etorri beharko dute". Doakoa izango den emanaldirako sarrerak ohi bezala, aurrez eskuratu beharko dira usurbilkultura.eus atarian. 78 lagunentzako lekua egongo da.