9. Dantza Eguna

"Zorotan Bele", auzolanaren herri ikuskizuna

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 26a, 11:41

Sorotan Bele taldeari gorazarre egin zion emanaldiak-osasun krisialdiko baldintzetara egokiturikoa aurten-pandemiak dantzarako gogoa ez duela itzali argi utzi zuen. 

Pandemiak ez du auzolanaren katea eten. Albiste honi atxikitako argazki bilduma duzue horren guztiaren lekuko argia. Larunbat arratsaldekoak dira, Usurbilgo 9. Dantza Egunaren baitan, Orbeldik Oiardo Kiroldegian plazaratu zuen "Zorotan Bele" herri ikuskizunaren estreinaldikoak.

Bizi dugun osasun krisialdira egokituta, musukoekin, baina dantzarako gogo bizia plazaratu zuten, askorentzat nostalgikoa ere izan zen emanaldian. Hilabeteotan ondu duten ikuskizunerako Sorotan Bele talde mitikoaren musika baliatu zuten, baina herriko musikarien aho eta instrumentuetatik entzun genuen. Herri ikuskizuna baita honakoa, hilabete luzez herritik landu eta Dantza Egunez herriarentzat plazaratu ohi dutena. Aurtengoan, covid19ak eragindako pandemia tarteko, musukoekin eskaini dute ikuskizuna. Oiardo Kiroldegian eta ez frontoian, ikus-entzule kopuru mugatu baten aurrean. 

Baina baldintza bereziok ez dute dantzarako gogoa itzali. Belaunaldi eta dantza estilo ezberdinetako herritarrak gogotik partekatu zuten larunbatean Kiroldegian, astero taldeetan bideratzen duten lanketa. 

Bederatzigarrena izan da aurtengoa, hamargarren edizioaren atarian da Orbeldikoen Dantza Eguna.