Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" ekimena

Ugaitz Agirre eta Yolanda Arrieta, sorkuntzarako beka deialdiko hautatuen artean

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 26a, 12:10

Usurbilgo udalerria kide duen Udalbiltzak "Geuretik Sortuak" literatura, antzerkigintza eta zinegintzako sorkuntza lanak euskaraz sustatzeko abian duen egitasmoan nortzuk parte hartuko duten, hautatuak izan diren sortzaileen zerrenda kaleratu du. 26 artista guztira; tartean bi herritar, Ugaitz Agirre eta Yolanda Arrieta. Usurbildik kanpo gehienez 3 asteko egonaldia egiteko aukera izango dute. "Tokian tokiko istorio batean oinarritutako kontakizun artelanak sortuko dituzte artistek, beti ere, euskaraz". Usurbil ere sorkuntza lan hauetako bat bideratzeko egoitza izango da. Gure artera dator Itxaro Borda idazle ezaguna. 

Euskarazko sorkuntza lanak sustatzeko Udalbiltzak abian jarritako "Geuretik Sortuak" proiektuak, lanok bideratzeko artista taldea hautatua du. 26 sortzaile guztira, otsailaren 5era arte eskabideak aurkeztu zituztenen artean. Guztira 73 proposamen artistiko jaso zituen Udalbiltzak; 21 literatura lan, 24 antzezlan eta 28 film labur. "Hamar pertsonaz osatutako epaimahai baten bitartez, martxoaren 23an erabaki zen zein artistak jasoko zuten beka hori; eta hurrengo egunean egindako beste saio batean erabaki zen zein udalerritara joango zen artista bakoitza", berri eman du Udalbiltzak.

26 izan dira hautatuak, "horien artean kulturaren munduko zenbait izen handi, baita berri eta ezezagunagoak diren batzuk ere. 16 idazle, 5 zinegile eta 5 antzerki konpainia dira; eta era guztietako heterogeneotasuna bermatu da hautaketan, proposatutako gaien, adin-tartearen edota lurraldetasunaren aldetik, baita genero parekidetasuna ere".

Usurbil, aurkezpen zirkuituan
Usurbil hainbatetan aipatua dator hautaketa honetan. Usurbilgo bi sortzaileek proiektu bat garatzeko aukera izango baitute; Ugaitz Agirrek Artziniegan eta Yolanda Arrietak Etxarri-Aranatzen. Eta adi, Usurbil ere artista hauetako baten aldi baterako egoitza izango baita; Itxaro Borda idazle ezagunarena. 

Literatura, antzerkia eta zinema lanak sortzeko beka bana jasoko dute sortzaile guztiok. Egonaldia egin ahalko dute haien bizilekua ez den beste udalerri batean eta tokian tokiko istorio batean oinarritutako kontakizun artelanak sortuko dituzte artistek, beti ere, euskaraz. Arte diziplina bakoitzeko, lanak amaitzeko epe bat ezarri dute: eleberri motza edo ipuina 2021eko irailaren 17a, antzezlana 2022ko urtarrilaren 28a eta film laburra (postprodukzioa barne) 2021eko azaroaren 26a. Parte hartu duten herri guztiak saretuko dituen aurkezpen zirkuitu bat osatuko dute sortutako lanekin.

Egitasmo honi buruzko xehetasunak maiatzean ematekoa da Udabiltza, sortzaile hautatuekin edota egonaldiak egiteko aukeratuak izan diren udalerrietako ordezkariekin. "Hautatu diren kultur proposamenen berri emateko, udalerrietako ordezkariek eta hautatuak izan diren artistek elkar ezagutzeko eta egonaldi-garaiari hasiera ofiziala emateko, Udalbiltzak maiatzean prentsaurreko ekitaldi bat antolatzeko asmoa du. Laster jakinaraziko zaie hedabideei data eta lekua", iragarri du Udalbiltzak.

UDALBILTZAREN "GEURETIK SORTUAK" SORKUNTZA LANAK SUSTATZEKO EGITASMOAN PARTE HARTZEKO HAUTATUAK
Literatura
- Amasa-Villabona: Maitane Perez.
- Araitz, Betelu eta Larraun: Iñaki Martiarena.
- Artziniega: Ugaitz Agirre.
- Etxarri-Aranatz: Yolanda Arrieta.
- Larrabetzu: Nahia Zubeldia.
- Leitza: Garazi Albizua Castelao.
- Ligi-Atherei, Liginaga-Astüe, Lexantzü-Zunharre eta Etxebarre: Nefer Olaizola.
- Lodosa, Sartaguda, Mendabia eta Andosilla: Maialen Akizu.
- Ondarroa eta Berriatua: Sarai Robles.
- Urepele: Iban Garro.
- Usurbil: Itxaro Borda.
- Uztaritze: Edorta Jimenez.
- Zaldibia: Peru Calabaza.
- Zestoa: Danel Lauzirika.
- Zuia: Bertol Arrieta.
- Zumaia: Fito Rodriguez.

Antzerkia
- Arrigorriaga: Tanttaka teatroa.
- Atarrabia eta Uharte: Metrokoadroka sormen laborategia.
- Bergara: Oier Zuñiga.
- Oiartzun: Lore-more konpainia.
- Oñati: Bon bon noir konpainia.

Zinema
- Hernani: Raúl Barreras.
- Baigorri: Josu Martinez.
- Galdakao: Leire Egaña.
- Tafalla: Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola.
- Bera eta Lesaka: Eñaut Castagnet.