Udalbatzarra

Adostasuna nagusi, gaurko osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 29a, 18:59

Denetariko gaiak hartu dituzte ahotan. Hartutako erabakien artean, azpimarratu beharreko bat; etorkizunean Ugartondon kokatuko den Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa gauzatzeko exekuzio proiektua eta obra kontrataziorako pleguak onartu ditu udalbatzak aho batez.

Urrats hauekin, aldaketarik ez bada, udal gobernu taldetik iragarri dutenez, udan has daitezke eraikitzen Txirikorda proiektua. Ehuneko ehunean diruz lagundua egongo dena, belaunaldi arteko hartuemanak sustatuko dituena. Ez baita ahaztu behar, emantzipatzeko zailtasunak dituzten gazteei edota bakarrik bizi diren adinekoei zuzendurikoa izango dela 16 etxebizitzako eraikina.

ENBA eta EHNE sindikatuek aurkezturiko "mendiko abeltzaintzaren eta otsoaren populazioaren kontrolaren aldeko mozioa" ere onartu dute gaurko udalbatzarrean. Zinegotzi aldaketa baten berri ere eman dute; udal gobernu taldeko kide Aroa Etxeburua Ugartemendiak kargua uztea erabaki du. Bere ordez, EHBilduk 2019ko udal hauteskundeen deialdira aurkezturiko zerrendan hurrengoak, bederatzigarrenak, hartuko du kargua maiatza amaierako udalbatzarrean; Ainhoa Arrozpide Landak. 

Gai ekonomikoei ere tartea egin diote ostegun honetako udalbatzarrean. Iazko aurrekontuaren likidazioren berri eman du Xabier Olano udal kontuhartzaileak. 

UDALBATZARRA
1.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2021eko martxoaren 22tik apirilaren 23ra (2021/186-2021/340.
2.- 2020ko aurrekontuaren likidazioaren berri ematea.
3.- HAASetako A-59 (Ugartondo) eremuko Barne-Erreformarako Plan Bereziaren Testu bategineko EQ.1 partzelan zuzkidura-ekipamendua eraikitzeko Exekuzio Proiektua onartzea.
Bozketa: aho batez onartua.
4.- HAASetako A-59 (Ugartondo) eremuko Barne-Erreformarako Plan Bereziaren Testu bategineko EQ.1 partzelan zuzkidura-alojamenduak egiteko exekuzio obra kontratatzea.
Bozketa: aho batez onartua.
5.- Mozioa: Mendiko abeltzaintzaren eta otsoaren populazioaren kontrola.
Bozketa: EHBildu abstentzioa, EAJ alde, PSE aurka.
6.- Zinegotzi karguari uko egitea eta zinegotzi berriaren kargua hartzeko izapidetza hastea.
7.- Galdera-eskaerak.