ETB-n zuzenean

Miriam Arrillaga Belokiren pala txapelketako final handia igandean

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 1a, 07:32
Irudia: Emakume Pilotarien Elkartea.

Bizkaia Torneoko azken neurketarako sailkatu da Miriam Arrillaga Beloki herritarra. Pala txapelketako final handia ETB1-ek zuzenean eskainiko du igande eguerdiko 12:00etan hasita.

Hautatua dute materiala, eta orain bai, final handiari begira dira Bizkaia Torneoan. Urrunekoa dirudien albistea lerrootara dakarkigu, etxeraino hurbiltzen duen lotunerik bai baitu azken fasera heldu den pala txapelketak; Miriam Arrillaga Beloki herritarra finalistetako bat dugu.

Igandean, maiatzaren 2an jokatuko du final handia Amaia Irazustabarrena Jauregirekin batera, aurreko asteburuko finalerdietan, Leire Etxaniz Bengoa eta Nagore Martin bikoteari 12-8 eta 12-5 irabazi ostean. Aurrez aurre lehiatu beharko dute Leire Galdos eta Maider Mendizabalekin. 

Aurretik, txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko neurketa jokatuko da Leire Etxaniz Bengoa-Nagore Martin eta Miren Larrarte Mayoz-Itxaso Erasun bikoteen artean.

Final handia zuzenean eskainiko du Euskal Telebistak. ETB1-ek, maiatzaren 2an, eguerdiko 12:00etan hasita. Telebistaz gain, eitb.eus webgunetik ere zuzenean jarraitu ahalko da norgehiagoka.