650tontor.sare.eus

Sareren larunbateko Andatzako martxarako izena aurrez eman daiteke

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 5a, 11:10

Presoen auzia behin betiko konpontzeko Sarek larunbatean (maiatzak 8) Euskal Herriko 650 mendi tontorretara iragarri dituen mendi martxetako bat Usurbildik abiatuko da Andatzara. Hitzorduan parte hartzeko izena aurrez emateko aukera dago 650tontor.sare.eus atarian.

Giro euritsuagatik iragan urriaren 3an Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igotzeko Sarek eginiko deialdia maiatzaren 8ra arte atzeratzea erabaki zuten. Ate joka da honenbestez, “Izan Bidea” dinamikaren bueltan euskal presoen auziari aterabide bat eskatzearen aldeko mendi martxen eguna. “Presoak etxerantz itzultzeko bidearen hasiera aldarrikatuko dugu, eta, helburu hori lortzeko, ezinbestekoa da urruntze-politika bertan behera uztea eta gradu-progresioa aplikatzea preso guztiei”.

Tontor guztietan egun eta ordu berean elkartzeko hitzordua finkatu du Sarek; maiatzaren 8an, 11:30etan. Usurbilen, Andatzan. Adierazpen bateratu bat irakurriko da une horretan, eta adi, “Ikusi mendizaleak” kanta ezaguna abesteko gonbita egingo die Sarek tontorretara igotakoei. Inguruko mendi gailurretan ere antzeko ekitaldiak egingo dituzte une berean. “Izan gaitezen bidea. Batu gaitezen ibiltarien sare zabal honetara, bizikidetzaren, bakearen eta konponbidearen alde”.

Ekimenean parte hartzeko izena eman 650tontor.sare.eus atarian (herria eta gailurra hautatu behar dira). “Ekimen polita eta esanguratsua da, erakusteko prest gaudela urratsak emateko, aldapan gora edo aldapan behera, baina guztiok batera, euskal presoen eskubideen urraketa desager dadin”, Sarek berri eman duenez.

Andatzara igotzeko hitzordua 9:30etan jarri da Mikel Laboa plazan.


Maiatzak 8, larunbata
Euskal Herriko tontorren igoera
09:30
Andatzara abiatzeko hitzordua Mikel Laboa plazatik.
11:30 Andatza tontorrean biltzeko hitzordua. Ekitaldia: adierazpen baten irakurketa, “Ikusi mendizaleak” kanta abestea…

Izen ematea eta informazio gehiago: Sarek asteburuetan Mikel Laboa plazan jarriko duen postuan edo 650tontor.sare.eus atarian.

Deitzailea: Sare.