Ikastaro eskaintza zabala uda parterako Oiardon

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 6a, 09:21

Haur, gazte nahiz helduentzako ikastaro eskaintza iragarri du Usurbilgo Udalak uztailerako. Izen ematea ostiral honetan bertan, maiatzaren 7an zabalduko dute.

Helduentzat spinning, pilates, mantenu gimnasia edota aquagym. Haurrentzako, Haur Hezkuntzan edota Lehen Hezkuntzan ikasten ari direnentzako igeriketa ikastaroak iragarri dituzte; LH 1. mailakotik gorako ikasleentzako eskalada eta LHko ziklo osoarentzat Kirol Txokoak. Txoko hauek bi txandatan bideratuko dituzte; lehenengoa, uztailaren 5etik 16ra, bigarrena hilabete berean, hilaren 19tik 30era. 

Izen ematea, online
Uda parte honetarako, uztailerako (uztailak 5-30) hain zuzen, eskaintza zabala iragarri du Usurbilgo Udalak Oiardo Kiroldegian. Antolakuntzak plazaraturiko ondoko tauletan dituzue ikastaro bakoitzari buruzko xehetasunak; ikastaro egunak, ordutegia, prezioa...

Eskaintza honetan izen emateko epea ostiral honetan bertan zabalduko du Usurbilgo Udalak, maiatzaren 7an. Inskripzioak online bideratu beharko dira, maiatzaren 20a baino lehen. "Iazko ereduari jarraituz, interesa dutenek formulario bat bete beharko dute, erabiltzailearen datu pertsonalak eta zein ikastarotan izena eman nahi duen adieraziz. Izena emateko epea amaitzen denean, plaza baino izen-emate gehiago baleude, zozketa egingo litzateke: maiatzaren 21ean egingo da, eta mezu elektroniko bidez jakinaraziko zaie plaza egokitu zaien edo ez", ohartarazi du Udalak.

Esteka hauen bidez hel daiteke izen emateko formularioetara:
Haurren ikastaroak
Helduen ikastaroak