Martxan da OinHerri herri hezitzaileen Usurbilgo taldea

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 6a, 15:26

Udarregi ikastolako haur hezkuntzako ikasleek Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek Usurbili oparitutako zuhaitza landatu dute, gaur, hilerri zaharrean. Modu horretara, herriko eragileek haurrekin doluaren gaia lantzea dute helburu, eta gainera, herritarrek utzi dituzten senitartekoak eta lagunak oroitzeko eta beraiekin bizi izandako uneak gogoratzeko toki bat izatea. Datozen asteetan, Aginagan eta Zubietan gauza bera egingo dute, eskola txikietako ikasleekin. 

Zuhaitzaren landaketa Usurbilgo OinHerri taldearen lehenengo ekintza izan da. Udalak bideratutako talde horretan herriko hainbat eragilek parte hartzen dute: Noaua, Udarregi, Aginagako eskola txikia, Zubietako eskola txikia, Gaztelekua eta Ziortza. Taldearen jarduna hasteko aukeratu duten ekintza hori izan da, hain zuzen: iaz Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek Amaren intxaurrak ikuskizunean Usurbilgo herriari oparitutako zuhaitza landatzea.

 

Iazko otsaileko osoko bilkuran onartu zuten Usurbil OinHerri sare hezitzailearen parte izatea, eta ekainean sinatu zuten udalaren eta OinHerriren arteko hitzarmena. Herri hezitzaileen sareko herrien arteko esperientzien trukea ahalbidetzen du Oinherrik, eta tokian tokiko eragileen arteko sinergiak bilatzen ditu. Berez, iaz sortu zuten taldea, baina osasun krisiak zaildu egin zuen lanean hastea. Jada martxa hartua dute, ordea, eta ekainean aurkeztuko dute taldea eta emango dituzten hurrengo pausoak.