Joseba B. Lenoir Gang kontzertuan igandean Sutegin

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 7a, 08:12

Joseba B. Lenoir Gangen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da igande honetan, maiatzaren 9an 18:00etan Sutegin. Usurbilgo Udalak antolaturiko emanaldirako sarrerak usurbilkultura.eus atarian eskura ditzakezue.

Maiatzak 9, igandea
18:00 Kontzertua Sutegin: Joseba B. Lenoir Gang.
Sarrerak aurrez eskuragarri: 8 eurotan, usurbilkultura.eus atarian.
Zehaztasunak: "Joseba B. Lenoirrek dituen proiektuen artean bada bat beratar musikari honek bere buruari eskaintzen diona, ia modu unipertsonalean egiteraino gainera.

Bere azken lan diskografikoan, Instroak Vol.3 izenpean, Bai, bagara filmerako sortutako musika bildu du. Larraitz Zuazok zuzendutako road triperako dokumental hau Iñaki Goirizelaiaren ideiaren emaitza da, eta bertan Iñaki bera ikusiko dugu Amerikako Estatu Batuetan zehar barne zein kanpo bidaia batean murgilduta, gure baloreen bila, edota holakorik ote dagoen argitu nahian.

Lenoirren lan honen zuzenekorako proposamenak musika eta irudia uztartu zituen diskoaren aurkezpen kontzertuetan. Emanaldietan saio horietarako espreski landutako bideo-lanak ere batu zitzaizkion musikari.

Oraingoan, aldiz, Berako musikariak Joseba B. Lenoir Gang formatua berreskuratu du, eta kontzertuetan disko berriko hotsak entzuteaz gain bere ibilbide osoko kantuak aditzeko aukera egongo da".
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.