Koronabirusa

Gaur aurkeztuko ditu Eusko Jaurlaritzak, asteotan indarrean izango ditugun neurriak

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 7a, 07:32

Estatu alarma egoera desaktibatua geratuko da igande honetan bertan, maiatzaren 9an. Argitzeke da oraindik, hurrengo asteotan zer nolako neurri murriztaileak izango ditugun indarrean. Eusko Jaurlaritza ostiral honetan bertan aurkeztekoa da, panorama hau argituko duen dekretua.

Urriaz geroztik covid19aren hedapenari aurre egiteko Espainiako Gobernuak martxan jarri eta Hego Euskal Herri osoan, baita beraz Usurbilen ere, eragin zuzena izan duen estatu alarma egoera ezabatzera doaz, indargabetua geratuko da maiatzaren 9tik aurrera. Ikusteke dago orain, hilabeteotan indarrean izan diren neurri murriztaileekin zer gertatuko den.

Gogoan izan, egun, etxeratzeko agindua dugu, konfinamendu perimetralak, eremu ezberdinei eragiten dieten neurri murriztaileak; aforo eta ordutegi mugatuak hainbat zerbitzuetan... Ostiral honetan bertan, maiatzaren 7an argitu liteke, asteotan izan dezakegun panorama. EAE barruan egonik, orain arte bezala, Usurbili Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiek eragingo diete.

Arratsaldean agerraldia
Eta Gasteiztik bi hitzordu iragarri dituzte ostiral honetarako. Batetik, 13:00ean, EAEko Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzak prestatu eta onartu nahi duen dekretuari buruzko ebazpena kaleratuko du. Arratsaldean, 16:30etan biltzekoa da LABI, Eusko Jaurlaritzaren aholku batzorde teknikoa. Auzitegiaren ebazpena kontuan hartuta onartuko dute dekretu berria. Bilera honen amaierarako, 18:30-19:30 artean prentsaurrekoa iragarri du Jaurlaritzak. Deialdi horretan emango dituzte asteotan indarrean izan ditzakegun neurri murriztaileei buruzko xehetasunak. Jaurlaritzak esana du, helegiterik ez diola aurkeztuko Auzitegi Nagusiaren ebazpenari, aipatu auzitegiak erabakitakoa onartuko duela alegia.

Indarrean ditugun neurriak
Momentuz, covid19ak Usurbilen 100.000 biztanleko 14 eguneko 681,67ko intzidentzia du. Koronabirusaren hedapena 400etik gorakoa denez, eremu gorrian segitzen du udalerri honek, azken bi asteotan bezala. Ondorioz, udalerri mailako itxiera perimetrala indarrean du Usurbilek. Soilik, mugakide dituen udalerrietara joan gaitezke (Orio, Lasarte-Oria edo Donostiara) erosketak egin nahiz kaleko kirol jarduerak egitera. Ostalaritza guneen barruko erabilera ordutegi honetara murriztua dago: 06:30-09:30 / 13:00-16:30. 

Kirol-instalazioetan %50eko edukierara. Aldagelak eta dutxak itxita (igerilekukoak izan ezik, hauek %35eko edukieran banaka erabiltzea baimendua). Ikuslerik ez kirol-ekitaldietan. Barruan egiten den kirolak (talde profesionalak eta federatuak izan ezik) 4 pertsonako taldeetan egiten ari dira. Musukoa derrigorrezkoa da, lehiaketetan eta kanpoan egiten dien jarduera fisiko bizietan izan ezik.

Neurri hauei, orokorrak diren beste batzuk erantsi behar; etxeratze agindua dugu 22:00-06:00 artean, jardueren amaiera eta merkataritza guneen itxiera 21:00etan dago finkatua, 20:00etan ostalaritza establezimenduena, lauko bilkurak daude baimenduak...

Hauxe momentuz, ostiral goiz honetan, maiatzaren 7an dugun testuingurua. Aipatu moduan, datozen orduotan argitu daiteke, zertan aldatuko den covid19ak eragindako osasun krisialdiari aurre egiten segitzeko asteotan izan ditzakegun neurriak.