Koronabirusa

Bildu, etxeratu nahiz herritik irteteko neurri murriztaileak bertan behera igandetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 7a, 18:43

Igandetik aurrera bertan behera geratuko da etxeratzeko agindua, konfinamendu perimetralak edota 400etik gorako intzidentzia duten udalerrietan, tartean Usurbilen, orain arte ostalaritzan edota kirol instalakuntzetan aplikatu izan diren neurri murriztaileak. Halere zenbait arau murriztaileek indarrean segiko dute; 22:00etarako finkatu da merkataritza nahiz ostalaritza establezimenduen itxiera edota kultur jarduerak amaitzeko ordu gisa. Derrigorrezkoak izateari utziko dioten neurriok borondatez betetzen segitzeko azken ahalegina egitea eskatu berri du Iñigo Urkullu lehendakariak, Gasteizen egin duen agerraldian.

Bertan behera geratuko da larunbatetik iganderako gauerdian, urriaz geroztik indarrean izan den estatu alarma egoera. Ondorioz, bertan behera geratuko dira baita orain arte gure egunerokoan aplikatzen ari ziren neurri murriztaileak; etenda geratuko da, 22:00-06:00 artean genuen etxeratzeko agindua edota eremu guztietako konfinamendu perimetralak. Baita Usurbilen edota 100.000 biztanleko 14 eguneko 400etik gorako intzidentzia duten udalerrietan, eremu gorrian direnetan genituen neurri murriztaile gehigarriak ere; udalerri mailako konfinamendua, ostalaritza guneetan nahiz kirol guneetan zeuden hainbat muga...

Aurreikusitakoa erabaki du Eusko Jaurlaritzak; esana zuen, estatu alarma egoera amaitu osterako landua zuen dekretuaz EAE-ko Auzitegi Nagusiak ebatzitakoa beteko zuela, ez ziola auzitegiak agindutakoari helegiterik aurkeztuko. Estatu alarma egoerarik gabe, aipatu auzitegiak orain arteko neurri nagusiak etetea erabaki du. 

Eta erabaki horren isla izan da arratsaldean, Iñigo Urkullu lehendakariak Lakuan egin duen agerraldia. Auzitegiak adierazitakoa betetzea erabaki du, orain arteko neurri murriztaile nagusiak igandetik aurrera bertan behera geratuko direla adierazi du. Jaurlaritzak onarturiko dekretua larunbatean plazaratuko dute eta igandean jarriko dute indarrean.

Larunbata azken eguna
Honenbestez, berezia izango da larunbat hau; azken egunez izango ditugu egungo neurri murriztaileak indarrean. Maiatzaren 8an, iluntzeko 20:00etan itxi beharko dituzte tabernak, 21:00etarako amaitu beharko dira kultur jarduerak, 22:00etarako etxeratzeko agindua izango dugu. Baina gero, gauerditik aurrera, kalean ibiltzeko debekua bertan behera geratuko da, herritik noiznahi eta edonora irten ahalko gara. Eta une horretatik aurrera, orain arte indarrean ziren neurri murriztaile gehienak aipatu moduan, etenda geratuko dira. 

Gaueko 22:00ak, kontuan hartu beharreko ordutegi berria
Hemen duzue, Eusko Jaurlaritzak kaleratu eta igandetik aurrera, maiatzaren 9tik aurrera indarrean izango den araudi berriaren kartela. Ikusi ahal izango duzuenez, orain arteko debeku nagusiak bertan behera geratuko diren arren, zenbait arau murriztaileek indarrean jarraituko dute.

22:00etarako finkatu da ostalaritza eta merkataritza establezimenduen itxiera ordua, ordu berean amaitu beharko dute kultur nahiz bestelako jarduerek. Gaueko aisialdian lan egiten duten establezimenduek itxita segi beharko dute, elkarte gastronomikoek baita. 

Edukiera mugek ere indarrean segiko dute; %50ean kirol instalakuntzetako edota ostalaritzako barne edukiera, %40-%60 artekoa merkataritza establezimenduetan, %35ekoa kultu lekuetan...

Derrigorrezkoak izateari utziko dioten neurriak erantzukizunez borondatez betetzen segitzea eskatu du Lehendakariak; 23:00-06:00 artean mugikortasuna murriztea, gehienez lauko taldeetan biltzea, orain arteko "burbuiletan" harremantzea, musukoak erabili, segurtasun distantzia errespetatu eta eskuak sarritan garbitzea...