Koronabirusa

Estatu alarma egoeraren eraginpean biziko dugun ezohiko azken eguna gaurkoa

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 8a, 08:22

Larunbat gauerdi honek hilabeteotan izan dugun bizimodua aldatuko du. Covid19ak eragindako pandemiari aurre egiteko estatu alarma egoera desaktibatua geratuko da eta horrekin, 22:00-06:00 artean etxeratzeko genuen agindua, edota baita mugikortasuna mugatzen zigun konfinamendu perimetralak ere. Estatu alarma egoeran biziko dugun azken larunbata da izango da gaurkoa, maiatzaren 8a. Ezohiko eguna.

Urria amaieraz geroztik, covid19ak eragindako pandemiari aurre egiteko sei hilabete baino gehiagoz indarrean izan eta gure eguneroko bizimodua arautu, mugatu, baldintzatu duen estatu alarma egoera desaktibatuko dute larunbat gauerdi honetan.

Eta estatu alarma egoerarekin batera ezabatuko dira baita gure egunerokoaz jabetu diren hainbat neurri murriztaile ere; 22:00-06:00 artean genuen etxeratzeko agindua; udalerri, herrialde nahiz autonomia erkidego mailako konfinamendu perimetralak edota azken asteotan Usurbilen, eta 100.000 biztanleko 14 eguneko 400eko intzidentziatik gora zuten udalerrietan aplikatzen ari ziren hainbat neurri mugikortasunean, ostalaritza nahiz kirol instalakuntzetan...

Beste arau batzuek bai indarrean segiko dute, Eusko Jaurlaritzak onartu eta larunbat goiz honetan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu duen dekretuak zehaztu duen moduan: 22:00etan ostalaritza nahiz merkataritza establezimenduen itxiera eta kultur jardueren amaiera ordua, edukieran mugak ostalaritza nahiz kirol instalakuntzetan... Orain arteko prebentzio neurriei eustea eskatu du Jaurlaritzak; musukoaren erabilerak derrigorrezkoa izaten segiko du, eskuak garbitzea, segurtasun distantzia...

Larunbat "xelebrea"
Testuinguru berria igandetik, maiatzaren 9tik aurrera izango dugu. Aurretik, estatu alarma egoeran biziko dugun azken larunbata biziko dugu gaur, hilak 8. Ezohikoa izango den eguna. Gauerdira arte, orain arte izan ditugun debeku eta mugek segiko dute indarrean. 

Covid19ak 400etik gorako 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia duenez Usurbilen, udalerri mailako konfinamendu perimetralean segiko dugu. Ezingo dugu gaur herritik atera, mugakide dituen udalerrietara ez bada, kaleko kirol jarduerak egin edo erosketak egitera. Ostalaritza establezimenduek 20:00etan itxi beharko dute, 21:00etan merkataritza guneek eta ordu horretan amaitu beharko dira kirol nahiz kultur jarduerak.

22:00etan etxeratzeko agindua izango dugu, baina oraingoan ez hilabeteotan bezala goizaldeko 6:00ak arte. Gauerdira arte baizik. Gauerdian desaktibatua geratuko da etxeratzeko agindua nahiz konfinamendu perimetralak. Kalera ateratzea baimendua egongo da gauerditik aurrera, baita herritik kanpoko mugikortasuna ere.