Koronabirusa

Estatu alarma osteko Eusko Jaurlaritzaren dekretu berria indarrean

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 9a, 09:02

Gauerdiaz geroztik ez dago indarrean estatu alarma egoera; ezta honenbestez, 22:00-06:00 artean etxeratzeko genuen agindua, konfinamendu perimetralak ezabatu dituzte... Lerrootan, estatu alarma desaktibatu den une beretik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, honenbestez baita Usurbilen ere, Eusko Jaurlaritzak ostiralean onartu, larunbatean ezagutzera eman eta gaurtik indarrean izango den dekretu berriaren xehetasunak. Dekretua osorik esteka honetan kontsulta dezakezue: maiatzaren 8ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Dekretua gauerdiaz geroztik indarrean izango da gutxienez 20 egunez, baina adi; Eusko Jaurlaritzak ohartarazi duenez, "dekretu honetan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, 20 eguneko epean, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, hargatik eragotzi gabe data hori baino lehen egoki edo beharrezko iritzitako berregokitze oro egitea".

NEURRI OROKORRAK ETA PREBENTZIO NEURRIAK
-Osasun agintariek ezarritako segurtasun eta higiene neurriak errespetatu beharko dira.
-Pertsonen arteko distantzia 1,5 metrokoa izaten segi beharko du leku publikoetan eta "arreta berezia jarriko da esparru itxietan". Eskuen garbiketa eta aireztapena.
-Musukoa egoki janztea derrigorrezkoa 6 urtetik gorako pertsonentzat. Salbuespenak: ostalaritza guneetan jan edo edateko unean, lan motagatik lantokian ez erabiltzea gomendatzen denean edo "espazio naturaletan, oinezkorik gabeko hiri-ingurune periferikoetan, igerilekuetan, lehiaketa profesional edo erdi-profesionalean murgildutako taldeen entrenamenduetan eta lehiaketetan eta kanpoko jarduera fisiko biziko ezohiko uneetan" edota hondartza edo igerilekuetan bainua hartzerakoan. Edota garraio pribatuan, barruan bizilekua partekatzen duten pertsonak doazenean, eta "maskara erabiltzeagatik larriagotu daitekeen gaixotasunen bat edo arnasketa-zailtasunen bat duten" pertsonen kasuan, baita kultur edota kirol jardueretan.

NEURRI ZEHATZAK SEKTOREKA
1-Merkataritza establezimenduak
-Itxiera ordua, 22:00etan.
-Edukiera %60ra mugatua 150 metro karratu baino gutxiago duten establezimenduek, %40koa 150 metro karratutik gorakoen kasuan.
-Kaleko azokak: baimendutako postuen erdia baino gehiago izango da jarri, postuen artean 1,5 metroko distantzia.

2-Ostalaritzak lokalak eta jatetxeak, eta antzekoak
-Itxiera ordua, 22:00etan. Irekiera ordutegia: 06:00.
-Edukiera %50era mugatua.
-Debekatua barran edo zutik kontsumitzea.
-Mahaietako pertsonen artean, 1,5 metroko distantzia.
-Mahai bakoitzean gehienez 4 bezero.
-Etxez etxeko banaketa 23:00ak arte.
-Zerbitzuguneetako ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak zabalik baita 22:00-06:00 artean, "baina iragaitzazko erabiltzaileentzat bakarrik".
-Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak itxita egongo dira.

3-Diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak
-Itxita segiko dute.

4-Hotelak, kanpinak eta turismo-ostatuak
-Eremu komunetan 1,5 metroko distantzia, gehieneko edukiera %50ekoa eta 30 pertsona.

5-Ezkontza-zeremoniak, jaunartzeak, bataioak eta antzeko ospakizunak
-Kultu lekuetako eta ostalaritza guneetako araudiak aplikatuko dira. 22:00etarako amaitu beharko dute.
-Kultu guneak: gehienez edukieraren %35a.
-Aire zabaleko guneetan gehienez 30 lagun, 6 espazio itxietan. Bertaraturikoak gutxiago badira, ezingo da gainditu baimendutako edukieraren %50a.

6-Kultura eta gizarte ekitaldiak
-22:00etarako amaitu beharko dute.
-Musika- eta ahots-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalek prebentzio-neurrien protokolo bat izan beharko dute, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak jarduera horretarako ezarritako jarraibideak jasoko dituena.
-Dantza-talde ez-profesionalen entseguak baimenduta daude.
-Ekitaldietako edukiera %50a eta gehienez 400 lagun. 1.600 pertsonatik gorako edukiera duten aretoetan eta aire zabalean, gehieneko edukiera 600 pertsonakoa izango da. 

7-Museoak, erakusketa-aretoak, monumentuak eta bestelako kultura-ekipamenduak
-Taldeen bisitak gehienez 6 pertsonakoak, gida kontuan hartu gabe.
-Gehienez edukieraren %50a, 400 pertsona.

8-Kirol-jarduerak
-Federatu gabeko kirol-jarduerak, banaka edo taldeka, kontaktu fisikorik gabe, seiko taldeetan gehienez.
-Lehiaketa profesionalean eta federatuan aritzen diren taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak egin ahal izango dira.
-Eskola-kiroleko entrenamenduak egin ahal izango dira, gehienez ere sei laguneko taldeetan antolatuta. Taldea beti pertsona berek osatuko dute, eta ezingo dira aldagelak erabili.
-Kirol-instalazioetan, igerilekuak barne, ehuneko 50eko gehieneko edukiera baimenduko da. Aldagelak erabili ahal izango dira, betiere gehieneko edukieraren ehuneko 35eko okupazioarekin. Halaber, dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banaka erabiltzen badira. 
-Debekatuta dago ikusleak kirol-ekitaldietara joatea.

9-Turismo aktiboa eta naturakoa, interpretazio-zentroak eta antzekoak
-Gida erabiltzen duten jarduerak gehienez ere 6 lagunekin osatutako taldeetan egingo dira. 
-Eskola-talde egonkorrak gida bakar batekin joan ahal izango dira.

10-Aisialdi-zentro turistikoak eta akuarioak
-Taldeen bisitak gehienez 6 pertsonakoak.
-Eskola-talde egonkorrak gida bakar batekin joan ahal izango dira.

11-Zezen-plazak
-Edukieraren %50a, gehienez 600 lagun.

12-Joko eta apustuetarako lokalak
-%50eko edukiera. 
-Jarduerak banaka eta eserita. Gehienezko lauko taldeak.
-Irekiera ordutegia: 06:00-22:00.

13-Ehiza eta arrantza
-Jarduerok baimenduak, 1,5 metroko distantzia eta musukoen erabilera derrigorrezkoa.

14-Aire zabaleko edo aisialdiko erabilera publikoko parkeak eta kirol-eremuak
-Gehieneko edukiera: "barrutiaren azaleraren espazio konputagarriko 4 metro koadro bakoitzeko pertsona 1".

FUNTSEZKO JARDUERETARAKO PREBENTZIO-NEURRIAK
-Eguneko zentroak " kudeatzeko eskumena duten erakundeek zentro horiek dauden udalerriaren egoera epidemiologikora egokitutako neurri murriztaileak hartu ahal izango dituzte, edukierei, ordutegiei edo establezimendu horiek ixteari dagokienez".
-"Euskaltegi, akademia, autoeskola, eskola eta arautu gabeko prestakuntza-zentroetan, publikoetan zein pribatuetan, egiten den jarduera presentziala izan ahalko da, gehienez ere 25 pertsonarekin. Beharrezko neurriak ezarri beharko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan".

HAURRENTZAKO ETA GAZTEENTZAKO HEZKUNTZA-AISIALDIKO JARDUERAK
-6 laguneko talde egonkorrak, begiraleaz gain eta ahal dela aire zabaleko guneetan.
-Jantokiak erabiliz gero, edukieraren %50a erabiltzeko aukera, taldeen artean 2 metro.
-Kirol jarduerak eta artistikoak, kontakturik eta ikuslerik gabe.
-Kanpin-dendak erabiliz gero, denda bakoitzeko pertsona bat, bizikideek batera lo egiteko aukera.

GARRAIOBIDEAK
-"Gehieneko edukiera bete arte okupatu ahal izango dira, bai eseritako plazei bai zutikako plazei dagokienez". Azken zerbitzuak 23:00etan.


UDA PARTERAKO NEURRIAK
-Hondartzak: hondartzera sartu, egonaldietarako eta edukiera zehazteko mugak izango dira.
-Igerilekuak: edukieraren %50a, banaketa espaziala elkarrekin bizi ez diren erabiltzaileen artean.
-Kirol probak: federazioen egituratik kanpo antolatuz gero, baimena eskatu beharko diete antolatzaileek erakunde eskudunei.
-Aisialdiko taldeak eta jarduerak: Covid19aren aurkako protokoloa izan beharko dute antolatzaileek.
-Programatu gabeko jaiak eta ospakizunak: alkohola kontsumitzeko debekua "bide publikoan zein kanpoko esparruetan".


Dekretua osorik hemen: maiatzaren 8ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.