Euskal presoak hurbiltzearen alde EAE-ko 125 udalbatza, Usurbilgoa tartean

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 11a, 10:23

Etxerat-ek berri eman duenez, jada Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 125 udalbatzek berretsi dute (tartean Usurbilgoak), euskal presoak hurbildu eta oraindik indarrean segitzen duen salbuespenezko espetxe politika etetearen alde, 2020ko abenduan Bilboko Euskalduna Jauregian eragile sindikal eta politiko anitzek aurkeztutako adierazpena.

"Oso positiboki baloratzen dugu Etxerat eta Sarek, alderdi politiko eta sindikatuek espetxe-politika normalizatzeko bidean eman duten urrats berri hau. Espainiako eta Frantziako gobernuek espetxe-politikaren humanizazioan eta salbuespenaren bukaeran aurrera egiten jarraitzea espero dugu, konponbidearen eta bizikidetzaren bidean", adierazi dute.

Iragan 2020ko abenduaren 11n Bilboko Euskalduna Jauregian EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos alderdiek eta ELA, LAB, UGT, CCOO, STEE, ESK, Hiru, Etxalde, EHNE, CGT eta CNT sindikatuek presoak hurbildu eta hamarkada luzez indarrean izan den salbuespenezko espetxe politika bertan behera uztea eskatzearen aldeko adierazpena aurkeztu zuten. Berau Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde guztiei helarazteko konpromisoa hartu zuten. 

Etxerat-ek berri eman duenez, ordutik 125 izan dira, adierazpen honekin bat egin duten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalbatzak; tartean Usurbilgoak. Zerrenda osoa hemen duzue:
-Araban; Donemiliaga, Barrundia, Iruraitz-Gauna, Zalduondo, Agurain, Dulantzi, Asparrena, Arraia-Maeztu, Lagran, Zuia, Urkabustaiz, Zigoitia, Oion, Laguardia, Samaniego, Bastida, Gaubea, Gesaltza, Kuartango, Erriberagoitia, Lantaron, Laudio, Amurrio, Okondo, Aiara herria, Artziniega, Argantzon eta Trebiñu.

-Bizkaian; Mungia, Gordexola, Zierbena, Mañaria, Arrankudiaga (eta Zollo), Arakaldo, Zeberio, Arrigorriaga, Zaratamo, Orozko, Basauri, Larrabetzu, Gernika, Elorrio, Mendata, Muxika, Morga, Ajangiz, Elantxobe, Güeñes, Gamiz-Fika, Gatika, Areatza, Lemoa, Bermeo, Zaldibar, Leioa, Erandio, Arantzazu, Igorre, Ermua, Lezama, Derio, Zamudio, Sondika, Loiu, Aulesti, Markina-Xemein, Barakaldo, Zornotza, Alonsotegi, Santurtzi, Berriz

-Gipuzkoan; Irun, Astigarraga, Hernani, Usurbil, Elgoibar, Deba, Mutriku, Arrasate, Bergara, Oñati, Donostia, Ataun, Beasain, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama, Zerain, Zumarraga, Getaria, Aia, Zarautz, Zumaia, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Elduain, Gaztelu, Ibarra, Irura, Leaburu, Lizartza, Orexa, Tolosa, Villabona, Zizurkil, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Zestoa.

Usurbilgo adierazpena
Udalerri honetan, EHBildu eta EAJ-PNV udal taldeen ordezkariek ere adierazpen hauxe adostu zuten:

Usurbilgo Udaleko EH Bildu eta EAJ-PNVko ordezkarion adierazpena

Gaur gure udalerriko hiritarren aurrean aurkezten garen alderdi politikook pertsona euskaldun presoei Espainiako Gobernuak aplikatzen dizkien politikei buruzko gure azterketa eta balioespena ezagutarazi nahi dizkiegu Espainiako Gobernuari eta euskal zein nafar iritzi publikoari.

Sinatzen dugun alderdiok, euskal erakunde gehienetan eta sindikatu gehienekin askotan adostu ditugun adierazpenetan honako hau eskatu izan dugu: “Espetxeetako Lege Orokorrak aurreikusten duena bete dadila, askatasunaz gabetzen duten zigorrak bete daitezen norbere ingurunetik deserrotu gabe, birgizarteratzearen printzipioek adierazten duten moduan. Zentzu honetan, 2011 urtean ETAk jarduera armatua utzi zuenean irekitako denboraldi berriaren barruan honako hau adierazten dute: beharrezkoa dela beste espetxe politika bat, presoek beren gizarte eta familiako erroak dituzten lekuetatik urrun zigorrak bete beharra ekidingo duena. Politika berri horrek presoak bere familiarekin harremanak izatea erraztuko du eta adin txikiko seme-alaben ongizateari begiratuko dio, gurasoek haiekin egoteko duten eskubidea defendatuz”.

 

AGIRI ADOSTUA

“Premiazkotzat jotzen dugu egungo urruntze politikari amaiera ematea eta Covid-19aren egungo testuinguruan gure sostengua adierazten diegu honako egitasmo hau artikulatzera zuzendutako proposamen guztiei”

Covid-19ak eta konfinamenduak, pandemia honek espetxeratuentzat dituen ondorioei buruzko eztabaida ireki dute. Hilabete hauetan ugariak izan dira erakunde politiko eta sozialen ekimenak, nazioarteko erakundeen gomendioak jarraituz, Europatik, Madriletik, Gasteizetik eta Iruñetik eskaera hau egin dutenak: dagokien agintariek har ditzatela neurri espezifikoak pertsona presoei begira, haien osasun eta segurtasun baldintzak hobe daitezen eta hobera egin dezaten osasun krisialdiaren ondorioek bereziki ukitu dituzten legedi juridikoko eskubideek ere.

Zentzu honetan, bereziki garrantzitsua jotzen dugu 2020ko apirilaren 27ko Eusko Jaurlaritzaren proposamena, honako hau baieztatzen duena: “Espetxeetako Lege Organiko Orokorraren 12.1 artikuluaren arabera, Covid-19 izurritearen ondorioen testuinguruan eta osasun publikoa prebenitu eta babesteko helburuarekin, egitasmo orokor bat artikulatu behar da espetxeratu guztiak preso bakoitzaren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara hurbilduak izan daitezen”.

Euskal Autonomia Erkidegoko gizarteak bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustu garbia egin du. Hainbat modutako eta etengabeko eskaerak egin ditu, iraganeko logiken araberako espetxe politika behin betirako gainditu dadin.

Ondorioz, honako hau adierazi nahi dugu:

1. 2011tik irekita dagoen errealitateari jarraiki, Espainiako Gobernuari helarazten diogu Euskadiko Autonomia Erkidegoko gizartearen eta adierazpen honen sinatzaileen sostengu osoa, pertsona euskaldun presoei legedi arrunt soila eta espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko beharrezkoak diren urratsak ematea erabakitzen badu, aldatzear dugun iraganeko logiken araberako legedian oinarritutako egoera behin betiko gaindituz.

2. Espetxeetako Lege Orokorrean aurreikusitakoa betetzea eskatzen dugu berriro ere, askatasunaz gabetzen duten zigorrak betetzean deserrotzerik gerta ez dadin. Askatasunaz gabetzen duten zigorrak familia eta gizarte sustraiak dituzten lekuetatik urrun betetzea ekidingo duen espetxe politika bat ezinbestekoa jotzen dugu.

3. Premiazkotzat jotzen dugu egungo urruntze politikari amaiera ematea eta Covid-19aren egungo testuinguruan gure sostengua adierazten diegu honako egitasmo hau artikulatzera zuzendutako proposamen guztiei: espetxeratu guztiak orokorrean eta pertsona preso bakoitza, partikularrean, hurbil ditzatela beren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan birkokatzea dakar neurri horrek.

4. Helburu hau betetzeak modu erabakigarrian esku hartuko luke euskal gizartean eta politikan iraganarekin lotutako etapa bat ixten eta aukera emango luke, biktima guztiak oroituz, bizikidetza demokratikoan ardaztutako orainaldiko eta etorkizuneko denboraldi berri bat eraikitzen.

Akordio hau Etxerat elkarteari helaraztea, konpromiso hau gizarteratzeko eta ezagutarazteko.

Amaitzeko, egoera hau jasaten ari diren pertsona presoen senitarteko eta adiskideei ezagutarazi nahiko genieke hartua dugun konpromisoa, aipatu helburua lortzen laguntzeko beharrezkoak diren urratsak ematekoa.

EH Bildu Usurbil eta Usurbilgo EAJ-PNV.