Norbere zaintza erdigunean kokatuko duen Hitz-Ahoren hitzaldia gaur

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 12a, 08:08

"Eta ni? Zaintzak erdigunera, norberarenak ere bai" solasaldia antolatu du Hitz-Aho Udarregi Ikastolako guraso elkarteak, Arremanitzek eta Udalak asteazken honetarako, maiatzaren 12rako. Online bidez eskainiko dute. Izen ematea aurrez bideratu beharko da.

"Ondo egotea batere erraza ez den garaietan bizi gara, baita baldintza duin samarrak izanda ere. Pandemiaren garaia baino lehenago ere, gutako askok emozioen kudeaketan trebatzen jarraitzeko beharra bagenuen. Izan ere, zer sentitzen ari garen jakitea konplexua izan daiteke. Eta batzuetan emozio horri nola erantzun jakiteko galdu xamar aurkitzen gera, konkretuki nondik hasi jakin gabe".

Testuinguru honetan antolatu dute Hitz-Aho Udarregi Ikastolako guraso elkarteak, Arremanitzek eta Usurbilgo Udalak, asteazkenean, maiatzaren 12an 17:30etan. Online bidez eskainiko da udarregi.eus atarian. "Saio honetan abiapuntu bat proposatu nahi dugu, inspiratzeko edo eta kokatzeko lagungarri izan daitekeena. Geure beharrei arreta jartzen laguntzeko tresna bat sortu dugu eta honekin esperimentatzeko saioa izango dugu hau; proposamen praktikoa izango da, alegia", iragarri dute antolatzaileek.

Hitzordurako izena aurrez ematea eskatzen dute; harremonakusurbil@gmail.com helbidean, "eta materiala aurrez bidaliko dizugu".