Igandean jokatuko da Euskal Pilota Egokituko Sari Nagusiko finala

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 12a, 16:49

Igande honetan jokatuko da Euskal Pilota Egokituko Sari Nagusiko finala, eta finalisten artean da Beñat Lizaso usurbildarra, gurpildun aulkien modalitatean arituko dena. Pandemia garai honek eskatzen dituen osasun neurriak direla eta, Getariko kiroldegiko pilotalekuan jokatuko diren finaletan ez da ikuslerik egongo, baina kirolarien ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute pilotazale guztiek, bi finalak ETB-1ean zuzenean ikusi eskainiko dituzte eta.

Bi izango dira jokatuko diren finalak, duela bi aste Oiartzunen jokatutako kanporaketen ostean. Adimen urritasuna duten pilotarien arteko finala erabat gipuzkoarra izango da eta Eneko Sagarmendi-Xabier Aizkorretak jokatuko dute Iraitz Huegun eta Jurdan Arakistainen aurka. Eneko Sagarmendi mutrikuarra azken bi urteetako txapelduna izanda, hirugarrena lortzeko borrokatuko da, iazko finalean, Errenterian, aurkari izan zuen Xabier Aizkorreta hernaniarraren laguntzarekin. Hori bai, gauzak ez dituzte erraz izango, parean izango dituzten Iraitz Huegun eta Jurdan Artetxek ere badakitelako maila honetako finalak jokatzea zer den. Aurrelari donostiarrak txapela jantzi zuen 2018an Legazpin eta Beasaingo finala ere jokatu zuen urte bat beranduago. Arakistain zestoarra azpi-txapeldun izan zen Legazpin. Final oso orekatua espero da, Oiartzunen elkarren artean jokatutako partidan tanto bakarraren aldea egon baitzen.

Gurpildun aulkikoen finalaren kasuan,  Beñat Lizaso usurbildarrak, EPE-ko Sari honetako final batean egon den pilotari bakarrak, 2019an txapeldun izatea ere lortu zuen eta iaz finalean ihes egin zion txapelak. Bere lehen finalean izango den Ander Altunarekin txapela berreskuratzen saiatuko da. Parean izango duten bikotea erabat berria da, parte hartu duten lehen aldian finalerako sailkatu baitira Yann Meunier eta Maxi Cabanne baionarrak.