Itxasne Telleria: "Gimnastek ezin dute euren artean inolako kontakturik izan, ez kontaktu zuzenik, ezta aparatu aldaketarik egin ere”

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 12a, 17:25

Covid-19ak hainbat alorretan eragin zuzena izan du. Ostalaritzan aldaketak izan dira, herritik atera ezina, eta kirolean ere murrizketak jasan dituzte. Ondo baino hobeto dakite nolako eromena izaten ari den aldaketa garai hau Itxasne eta Mirene Telleriak, Usurbilgo Tximeleta gimnasia erritimikoko entrenatzaileek.

NOAUA! Ikasturtea hasi zenetik aldaketa asko egin behar izan dituzue, eta orain itxiera perimetralarekin, are eta gehiago. 

Itxasne Telleria: Hasieran izugarrizko kaosa izan zen. Urrian hasi ginen gure klaseekin betiko moduan, baina azaroan neurrietan aldaketak izan ziren eta utzi egin behar izan genituen kirol jarduerak. 

Mirene Telleria: Garai hartan, astero aldatzen ziren neurriak eta aste batean klaseak egin zitezkeen eta hurrengoan ez. Desastre hutsa.

 

Dantzak prestatzeko hori arazo handia izango zen, ezta?

I.T: Erabatekoa. Kurtsoaren planteamendu osoa aldatu behar izan dugu. Lehen bi hilabetetan gorputz-lanketa egiten dugu, teknikari garrantzia eman eta gure gimnastak egoera fisiko onenean jartzen saiatzen gara, gero dantzak osatzen hasteko. Teknika lantzeko aparatuak erabili ohi ditugu, aurrerago dantzan erabili beharko dituzte aparatuak puntuan jartzeko. Aurten, ordea, gimnastek ezin dute euren artean inolako kontakturik izan, ez kontaktu zuzenik, ezta aparatu aldaketarik egin ere. Umeentzat oso aspergarria da horrela lan egin beharra.

M.T: Bakoitza bere aparatuarekin, metro eta erdiko distantziara elkarren artean, eta amaitu orduko aparatuak desinfektatzen, horrela eman behar izan dugu ikasturte osoa. Gure lan egiteko modua erabat aldatu du egoera honek, eta nahiko urte gogorra izaten ari da, orokorrean. Musukoa ere uneoro jarrita eraman behar dugu, eta ez zaharrenek bakarrik, baita bost urteko umeek ere, nahiz eta berez gainontzean behartuta ez dauden. Kirola musukoarekin egitea berez zaila bada, pentsa egunerokotasunean eramatera ohituta ez dauden ume txikientzat.

 

Edukiera neurriei dagokienez ere, urteroko ume talde handirik izaterik ez.

I.T: Talde txikitan jarrita dauzkagu umeak. Bakoitzak bere oihal zatia du gainean lan egin ahal izateko, eta tapizean bere leku propioa. Tapiza zatika antolatuta daukagu haurren artean distantzia egon dadin, eta neurri guztiak behar bezala bete ditzagun. Hasi aurretik, haur bakoitzari tenperatura hartu behar diogu, eta bakoitza bere txokora bidaltzen dugu gero, bertan aldatu behar baitute arropaz ere. 

M.T: Ostegunetan, adibidez, 25 ume dauzkagu eta bi entrenatzaile gara gure lana egiteaz gain, neurri guztiak behar bezala betetzen direla ikuskatzeko. Ezinezkoa da horrela lan egitea.

 

Horrenbeste aldaketa eta neurri berrirekin, izen emateak behera egin du aurten?

I.T: Ez pentsa. Taldeak mugatuak dira, eta asteazkenetan, adibidez, Mirene HH5ekoekin egoten da, eta ni LH1ekoekin. Zortzi ume ditu Mirenek, eta nik bost. Ez dira asko, baina bananduta egon behar dute. HH5etik DBH1 arterainoko taldeak dauzkagu, eta LH5 eta LH6an talde asko dauzkagu, gainera. Lau zaharrago ere baditugu jubenil eta senior mailan banaka ari direnak. 

M.T: Ikasturte hasieran batzuek izena eman zuten, baina hasi eta gutxira utzi egin zuten. Aste batean bazegoelako gimnasia, hurrengoan ez, hurrengoan bai, baina beste modu batera… normala da erabaki hori hartzea. Bi entrenatzaile gehiago ginen hasieran, eta arrazoi pertsonalengatik utzi egin zuten beste biek, eta gu biok baino ez dugu jarraitzen. 

 

Urteroko torneo eta lehiaketekin zer gertatu da?

I.T: Horretan ere eromena da nagusi. Infantilak berriki gonbidatu dituzte torneo batera, eta online izango omen da. Dantza egiten dutenean, grabatu egingo dugu eta ondoren, bidali egingo dugu bideoa antolatzaileek bideo-muntaia egin dezaten bideo guztiekin. Gero, internet bidez ikusteko aukera egongo da. Taldekako lehiaketa izango da, baina kontakturik izaterik ez dutenez, bakarka arituko dira dantza bera egiten hainbat gimnasta. Niretzat ere oso zaila da dantza bat horrela sortzea. Gimnasta bakoitzak bere indarrak eta ahuleziak ditu, eta nire lana da bakoitzaren indarrak erakutsi eta ahuleziak lantzea. Bakarkako dantza egiten badute bostek batera desastreago ikusten da, denek ez baitakizkite elementu guztiak behar bezala egiten. Zentzugabekeria galanta da.

M.T: Gure kirolaren berezko izaera aldatu egin dute, eta eskaintzen dituen balioak ere ezin ditugu landu. Talde sena piztu eta lan gogorraren ostean emaitzak lortzen direla erakutsi nahi diegu gimnastei, ez amore ematen, eta gauzak nahi bezala ateratzen ez direnean burua altxa eta aurrera jarraitzen. Hori guztia galdu egin da aurten.

 

Gazteagoek ere lehiaketan parte hartuko dute?

M.T: Infantiletatik hasi eta zaharrenetara arteko lehiaketak izango dira aurten. Ni entrenatzaile izateaz gain, gimnasta ere banaiz oraindik eta lehiaketan parte hartuko dut. Aste honetan jakin dut bi aste baino ez ditudala dantzak prestatzeko. Aparatu bakarrarekin ari nintzen lanean orain arte, lehiaketa bakarra eta aparatu bakarra izango zelakoan, baina bi aparatu izango dira lehiaketa bakarrean. Ez dakit zer egingo dudan, egia esan. Antolaketa aldetik ere kaos bat izaten ari da dena. Azken momentuan korrika eta presaka hartutako erabakia dirudi eta azalpen gutxi eman dizkigute.

I.T: Hasieran online izango zela esan ziguten eta maiatza amaieran izango zela, eta aste honetan esan digute hemendik bi astera izango dela, eta zuzenekoa izango dela, Tolosan. Ez dakigu nola izango den, txandak egongo diren, ordutegi oso zabala eta aldi berean murriztuarekin… Atzo bidali zidaten mezua lehiaketaren berri emateko, eta jartzen duen bakarra da gimnasten artean kontakturik ezingo dela izan. Mirene eta Izadi baino ez dira joango gure taldetik lehiaketa horretara, eta lasaitzen nau horrek, baina ez dakit zer egingo dugun.

 

Gimnasta lanetan ere ari zara, Mirene. Nola bizi duzu egoera gimnasta ikuspuntutik?

M.T: Nahiko beldurtuta nago lehiaketarekiko. Aparatu bakarra ari naiz lantzen, pilota, eta xingola ez dut ia hartu ere egin urte osoan. Joan zen urtean ere xingola egin behar nuen ikasturte amaieran, eta pandemia lehertu zenez, ez nuen apenas lantzeko astirik izan. Joan zen urteko dantza berreskuratu beharko dut, eta ahal dudan bezala entrenatu bi aste hauetan. Mailaketarik ez da egingo, hau da, irabazi edo galdu ez gara ez mailaz igoko, ez mailaz jaitsiko. Beraz, tira, ahal duguna egingo dugu eta kitto. 

 

Usurbilen ere ikasturte amaieran erakustaldia egin ohi duzue. Zertan da kontu hori aurten?

I.T: Momentuz ez digute horri buruzko ezer esan, baina nik uste ez dela egingo. Tximeleta Klubak koordinatzen ditu kontu horiek eta ez dugu erakustaldiari buruzko berririk izan. Hori bai, desinfektatzeko materiala, oihalak eta pandemiari aurre egiteko behar izan dugun material guztia beraiek bidali ziguten, bai bestelako materiala ere. 

M.T: Buruhauste asko ari gara izaten, baina behintzat gimnasia egin dezakegu. Haurrentzat garrantzitsua da energia askatu eta entretenituta egotea.