PSE-EEk Turismoaren Kode Etikoarekin bat egitea proposatu du

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 13a, 17:17

Patxi Suarez Usurbilgo udal talde sozialistaren bozeramailearen esanetan, Turismoaren Kode Etikoaren helburua da erakunde turistiko guztiek erantzukizun sozialak bere gain hartzea. Nola? Ingurumenaren zein ekonomiaren iraunkortasuna eguneroko jardunean txertatuz.

Turismo iraunkorra eta arduratsua erakartzeko xedez, Usurbil eragile "proaktibo" bihurtzea proposatu du PSE-EEko zinegotziak. Bide horretan, Beterri-Buruntzako Garapen Agentziaren eta Behemendi erakundearen bidez, sentsibilizazio-kanpaina bat egin dezala eskatu dio udal gobernu taldeari. Herriko saltoki, taberna eta hoteletan Euskadiko Turismoaren Kode Etikoak jasotzen dituen printzipioak helarazteko eta, bide batez, eragile guztiei kode horri atxikitzeko aukera eskaintzeko.

Usurbilek Kode Etiko honekin bat egingo balu, “tokiko kultura eta tradizioa eta kultura-ondareko elementuak errespetatzeko eta zaintzeko konpromiso garrantzitsua" hartuko luke. “Horrela, tokiko gainerako eragileekin batera turismo-jarduerekin bat egin dezan eta jarduera horien onura ekonomiko ez ezik, sozial eta kulturalak ere jaso ditzan, batez ere enpleguarenak”.

Patxi Suarez PSE-Eko zinegotziaren esanetan, “kide izatea doakoa da. Ez da kuotarik ordaindu behar eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak aholkularitza eta prestakuntza eskaintzen du trukean”.

Patxi Suarez, PSE-EE

"Covid-19ren pandemiak eragindako krisi ekonomikotik errekuperatzeko turismoa giltzarri izan daiteke"

Alderdi sozialistaren esanetan, “esan gabe doa Usurbilek euskal kultur ondare aberats eta berezia duela, tradizioa eta modernitatea modu naturalean uztartzen dituena. Usurbilek ‘potentzial’ turistiko handia du, oraindik ezagutu gabea, eta Covid-19ren pandemiak eragindako krisi ekonomikotik errekuperatzeko turismoa giltzarri izan daiteke”.

Patxi Suarezen esanetan, turismo jasangarri eta arduratsuaren alde lan egiten duten eragileen komunitateko kide izateak "munduaren aurrean aurkeztea" ahalbidetuko du, "Usurbilek duen funtsa galdu gabe", kultura-, gizarte- eta ingurumen-errespetua sustatuz, baina gure garapen turistikoa modu "lehiakorrean" kudeatuz.

Azkenik, Javier Hurtado sailburuak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Turismo Saila, Reyes Maroto Turismo ministroa eta bere taldea lurraldeen ezagutza turistikoa hobetzeko eta turismoa bultzatzeko planekin garatzen ari diren lana nabarmendu du, eta estrategia horietan “Usurbilek aukera du bere toki interesgarriak, monumentuak, eskulturak eta muralak eta bizilagunak ezagutarazteko”.