Gipuzkoako pentsiodunen bizikleta martxak Usurbilen egingo du geldialdia

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 19a, 11:13
Pentsio publiko duinen alde, 2018ko urrian Usurbil zeharkatu zuen martxa.

Pentsio publiko duinen alde, murrizketen aurka mobilizazio eguna deitua dago estatuan maiatzaren 29an, baita Hego Euskal Herrian ere. Gipuzkoari dagokionez, Donostian egingo den manifestazioaren aurretik, bizikleta martxa antolatu du Gipuzkoako Pentsiodunak herri mugimenduak herrialdean barrena datorren asterako. Maiatzaren 28ko etapa Usurbilen amaitu eta biharamunekoa udalerri honetatik abiatuko da.

Pentsio publiko duinen alde, murrizketarik ez dutela onartuko adierazteko mobilizazio eguna deitu dute pentsiodunen mugimenduek estatu osoan maiatzaren 29rako. Baita Hego Euskal Herrian ere. Gipuzkoari dagokionez, hilabete honetako azken larunbatean manifestazioa antolatu du Gipuzkoako Pentsiodunak bilguneak; arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Donostiako Alderdi Ederretik.

Protesta eguna girotzeko gainera, aldez aurretik bizikleta martxa antolatu dute Gipuzkoa osoan barrena. Datorren astelehenean, maiatzaren 24an abiatuko da Errenteriatik. Tolosaldea, Goierri edota Deba bailarak zeharkatu ostean, adi; azken aurreko etapa Usurbilen amaituko da, maiatzaren 28koa hain zuzen. 

Bosgarren etapa Usurbilen bukatu eta biharamunekoa, mobilizazio egun handiko seigarren eta azken etapa udalerri honetatik abiatuko dute Donostiarantz. Eta gero, hiriburuan bertan manifestazioa egingo da. 

Eskaerak
Oraindik orain betetzeke dauden eskaerak dira pentsiodunek behingoz betetzea eskatzen dutenak; 2011 eta 2013ko pentsio-erreformak eta 2010eko eta 2012ko lan-erreformen murrizketak indargabetzea; aurtengo iragarritako murrizketa berriak eta Pentsio Publikoen Sistemaren pribatizazioa gaitzestea; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta lanbide arteko 1.200 euroko gutxieneko soldata exijitzea; erretiro aurreratua zigortu gabe onartzea; edota osasun zerbitzu publiko eta zerbitzu sozio sanitarioak izateko eskubidea bermatzea.

Pentsio duinen aldeko bizikleta martxa
Etapen ordutegia (gutxi gorabeherakoa): 9:00-18:00.
Ibilbidea:
Maiatzak 24, astelehena: Errenteria-Tolosa.
Maiatzak 25, asteartea: Tolosa-Zumarraga-Urretxu.
Maiatzak 26, asteazkena: Zumarraga-Bergara.
Maiatzak 27, osteguna: Bergara-Deba.
Maiatzak 28, ostirala: Deba-Usurbil.
Maiatzak 29, larunbata: Usurbil-Donostia. Manifestazioa 17:00etan Alderdi Ederretik.

Antolatzailea:
Gipuzkoako Pentsiodunak.