Aginaga aldeko ur zikinak saneamendu sarera batzeko lankidetza hitzarmena

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 21a, 14:02

Abenduan hasi eta 22 hilabeteko tartean, Aginaga aldean egun Oriara isurtzen diren ur zikinak Loiolako araztegira bideratzeko obrak egingo dituztela berri eman du Usurbilgo Udalak. 

Iraganean, udalerri honetako ur zikinak euri eurekin nahastuta erriora isurtzen ziren. Gerora ordea eraikitako azpiegiturak tarteko, egun ur zikin gehienak Loiolako araztegira bideratzen ditu Usurbilek, kolektore bidez. Oraindik halere, saneamendu sare horretatik kanpo dira zenbait zonalde; Aginaga ingurua nagusiki. Egoera aldatzera doala berri eman du ostiral goiz honetan Usurbilgo Udalak, Potxoenean deitu duen prentsaurreko bidez. Berri garrantzitsutzat jo dute Lur Etxeberria zinegotziak eta Josu Alkorta udal-bridagako kideak gaur ezagutzera emandakoa, are gehiago, Oria ibaia naturgune babestua dela jakinda.

URA Agentziak eta Añarbe Mankomunitateak maiatzaren 7an onarturiko lankidetza hitzarmenari esker, aipatu Aginagako ur zikinak erriora isurtzea eragotziko duten lanak bideratzea adostu dute. Hiru faseetan gauzatu asmo dute proiektua. Udaletik zehaztu dutenez, egun Osinaldeko hondakin uren ponpa estaziotik Txokoalden eraikiko den ponpa estaziora arteko sarearen lotura egin asmo dute. Gero, Txokoaldeko gune honen eta Aginagan eraikiko den ponpa estazioaren arteko lotura Oria ibaia gurutzatuta. Eta azkenik, hirugarren fasearen baitan, "Aginagan eraikiko den ponpa estazio horretatik erriberan barrena egingo den kolektore berria". Ardatz ezberdinak izango dituena etxebizitzetara. Udalak berri eman duenez, egungo saneamendu saretik at dauden etxebizitzetako ur zikinak kolektore horretara batzeko proiektua lantzen ari dira. 

5,4 milioi euroko inbertsioa
Lanok guztiak gauzatzeko aurreikusitako epeen berri ere eman du Udalak. Añarbe Mankomunitateak eta URA Agentziak sinatutako hitzarmenaren testuinguruan gauzatuko diren lanak epe laburrean esleitu eta abendurako abian izatea espero dute. 22 hilabeteetan eta aipatu moduan hiru faseetan bideratuko lituzkete lanok. Nabarmentzeko moduko inbertsioa izango da dirutan; 5,4 milioi eurokoa. %60a URAk finantzatuko du eta bere gain hartuko ditu kontratazio lana eta obra zuzendaritza; gainerako %40a Añarbek. 

Ur zikinak erriora isurtzea eragozteko urrats berri eta garrantzitsua zalantzarik gabe, lehendik jorratzen hasiak ziren bidearen baitan ordea. Udalak Potxoenean oroitarazten zuenez, 2019an onartu zuten Aginagako proiektua baina hiru faseetako bi jasotzen ziren bertan, hirugarrena zintzilik zen. Horixe zen hain zuzen gaurko albistea; URAk eta Añarbek onarturiko lankidetza hitzarmenak hiru faseak gauzatzea aurreikusten duela.

Etxeetako urak bereizteko proiektuak
Paraleloki, egun hainbat etxebizitzetako urak, euri urak eta ur zikinak bereizi gabe daude Aginagan eta Kalezar inguruan. Ur guztiok bereizita biltzeko lanketa betean da Udala, Potxoenean berri eman dutenez. Hilabeteotan bideratuko diren obren eremuari dagokionez; Txokoalde legoke batetik. Laster beteko dira 24 urte, 1997ko ekainaren 1ean izandako uholdeak izan zirenetik. Txikizioa konpontzerako garaian, euri urak eta ur zikinak bereizteko lanak bideratu zituen Udalak garai hartan bertan. 

Aginagako etxebizitzen errealitatea bestelakoa da. Hemen bai, euri urak eta ur zikinak bereizi gabe biltzen dira. Ingenieritza talde bat kontratatua du Udalak, kolektorea eraikitzerako proiektu bat idatzi eta ur hauek bereizita egon daitezen. Urtea amaitzerako proiektua bukatzea aurreikusten du Udalak. 

Kalezarren ere antzeko egoeran dira hainbat etxebizitza. Matia adinekoen auzunea eraikitzen ari den honetan, Kalezarretik N-634 errepide aldera dauden etxebizitzen euri urak eta ur zikinak bereizteko ere erabili nahi dute une hau. Ugaldea industriagunea ere antzeko egoeran da; bertako urak bereizteko proiektu bat idazten ari dela adierazi du Udalak. Udazkenerako prest izatea espero dute, obra horien aurrekontua zehaztu eta ze epeetan bideratu daitezkeen aurreikusteko.